Eskuinaldean agertzen diren iragarkiak ezabatu ditu Googlek. Diseinu antolatu baten aldeko apostua egin eta goiko partean kokatu ditu orain. Horrek, bestalde, iragarleen arteko lehia handituko du. Zeintzuk izango dira goian azaltzea lortuko dutenak?
Adwords zerbitzuan aldaketak egiten dabil Google. Eta horietako bat da iragarkiak agertzeko modua. Eskuinaldean agertzen ziren orain arte. Hemendik aurrera, aldiz, goiko aldean azalduko dira. Hortaz, bilaketa bat egiten dugun bakoitzean agertuko zaizkigun lehenengo 4 loturak babestutako iragarkiak izango dira.
Zergatik?
Iragarkiak eskuinaldetik goiko partera mugitzeko erabakiak badu arrazoi nagusi bat: mugikorreko nabigazioaren aldeko apostua. Izan ere, mugikorretik nabigatzen duten erabiltzaileen esperientziak hobetu egiten dira zutabe bakar bateko disenuarekin.
Eskema antolatu eta garbia nahi dutela adierazi du Googleko bozeramaile batek. Diseinuakin probak egiten ibili direla gaineratu du. Eta formatua bilaketa komertzialetarako prestatua dagoela, emaitza adierazgarriagoak eskaintzen dituelarik.
Horretaz gain, 19.100 milio dolar ingresatu ditu 2015an Googlek publizitateagatik. Horrek %17ko igoera suposatzen du. Hala ere, markek gero eta gutxiago ordaintzen dute klik bakoitzagatik. Hortaz, diru sarrerak handitu dira, klik kopurua ere handitu egin delako. Zehatzak izateko, %31 batean.
Norentzat da onuragarria?
Goiko partean ordaindutako 4 iragarki horiek jartzearena berri garrantzitsua izan da SEM (Search Engine Marketing) estrategian inbertitzen duten markentzat, euren ikusgarritasuna handitzen duelako. Ez ordea SEO posizionamenduarentzat, zeina urrundu egin den 4 postu.
Markentzako oso garrantzitsuak dira goiko aldeko lotura horiek. Izan ere, bilaketa emaitzetan agertzen den lehenengo orrialdeak pilatzen ditu klik guztien %59a. Bigarrenak %15a biltzen du, hirugarrenak %7a eta laugarrenak %5a. Horrek zera esan nahi du, hurrengo 6 orrialdeek batera, klik guztien %10a besterik ez dutela osatzen.
Hori dela eta, formatu berri honek iragarleen arteko lehia handitu egingo du. Lehenengo 4 postu horietan egotea izango da denen helburua. Iragarle txiki batzuk, bestalde, etsituta azaldu dira, aurrekontu falta dela eta marka handiekin lehiatzea ezinezkoa izango dela adieraziz.
Aholkuak iragarle txikientzat
– Geografikoki segmentatuago dauden kanpainak sortu.
– Bilaketa termino zehatzagoak erabili.
– Murritzaileagoak diren komunztadurak erabili.
– Analisiak egin (jakiteko zein den eguneko ordu eta momenturik onena lehiatzeko).