Euskaraz, beste hizkuntzatan bezala, hamaika esaera zahar, atsotitz eta lokuzio ditugu. Batzuk ahoan ditugu egunero, ziur. Baina beste asko, erabiltzeari utzi diegulako edo batzuetan beste hizkuntzetatik maileguak hartzen ditugulako, agian ahaztuta ditugu.
Esaera zahar, esamolde, lokuzioek… hizkuntza bati mamia ematen diote, bizitza. Metaforikoak, irudimena eta hitzak nahastu eta hizkuntzaren piperra eta gatza bihurtzen dira. Hauen bidez lotzen ditugu esperientziek emandako tradizioa, historiari barre egiten diogu, sentitzen duguna modu ezberdinez adierazteko balio zaizkigu eta ironia erabiltzeko ere, besteak beste.
Egun, zoritxarrez, nabarmen da gero eta gutxiago erabiltzen ditugula. Batzuetan, eguneroko bizimodua aldatu egin delako eta gazteok esaera batzuen zentzua ez dugulako ondo ulertzen; beste batzuetan hitz egiterakoan praktikotasuna bilatzen dugulako.
Badira euskarazko esaera zaharrak mantendu eta zabaltzeko martxan jartzen diren ekimenak. Ezagutzen duzue adibidez, Ondarroan abiatutako Esaera Zaharrak gaurko erara arte proiektu polita?
Honek 100 esaera zahar hartu eta hauen bertsioa egiten du euskarri modernoan, kaleko graffitian, hain zuzen ere. Herriko ormak apaindu eta bide batez esaera zaharrak ezagutzera eman eta erabilpena sustatu. Ideia ona, ezta?
Edo Plentzian antolatzen duten esaera zaharren lehiaketa eta triki poteoa. 2012ko azken edizioan 27 taldek hartu zuten parte.
Badira ere euskarazko esaera, esamolde, atsotitz edo lokuzioak biltzen dituzten lanak eta ikerketak.
Eta gaur egun, zorionez, teknologia ere horretan aplikatu egin izan dugu eta euskarri digitalean ere esaera zahar eta lokuzioen bildumak eskuragarri daude. Hemen sarean aurki ditzakegun batzuk:
- Gotzon Garatek egindako bilduma
- Ahotsak.com
- Intza, lokuzioen bilduma
- Buberren bilduma
- Rivendelen bloga
- Rober Areizagaren blogeko bilduma
- Azpeitiko euskara patronatuko Erabili.com
- Pello Errota herri ikastetxeak webgunean egindako bilduma
- Mantxut, esamolde lotsagabeak. Asmatuta batzuk, tradizionalak besteak edo aro berrietara moldatutakoak.
Garai berrietara egokituz esaera zaharrak ezagutzera emateko eta zabaltzeko egitasmo ezberdinak ditugu. Eta are gehiago, gai honen inguruan sare sozialek ere badaukate zer esanik eta Twitterren, adibidez, badago Bizkaitar hitz eta esaera zaharrak berreskuratzen saiatzen ari den kontu bat ere: @Esaera_Zaharrak. Honek txio bidez zabaldu eta biltzen ditu esaerak. Teknologiaren erabilpen berri bat gure tradizioa mantentzeko, nola ez.
Guk ere oraintsu aurkeztu dugu EuskalPlay online aplikazioa, euskararen inguruan online joko ezberdinak proposatzen dituena. Hauetariko bat Euskal esaerak da: hitz batzuk falta zaizkien esaera ezagun batzuk osatu behar dira joko honetan.
Eta gaurkoan egitasmo berri bat aurkeztu nahi dizuegu ere: Maite Goñiren Esaera jatorrak blog berria. Maite, guztiok dakizuenez, Euskaljakintza webgunearen arduraduna da eta horren barruan Gaurko hitza bloga lantzen du ere. Blog honetan egunero euskarazko hitz bat argitaratzen da eta edonork bidali dezake hurrengo hitz baterako proposamena.
Antzeko zerbait egin du orain Maitek Esaera jatorrak blogarekin: egunero esaera, lokuzio edo atsotitz bat argitaratuko da plataforman, esanahi eta itzulpenarekin. Maitek argi adierazten duenez, “txoko honen helburua hain ezagunak diren atsotitz edo lokuzio horiek euskara jatorrera ekartzea izango da, ahal den neurrian hizkuntza ezberdinetako ordainak eta adibideren bat edo beste emanez“.
Eta, nola ez, ekarpenik edo izanez gero, Twitter bidez bidaltzeko aukera dago, kontutan izan ditzan. beraz, hasi pentsatzen zein esaerak erabiltzen dituzun maiz, edo eguneroko gertaeraren batekin lotuta bat gogoratzekotan, badakizu, bota!
Guk bat proposatuko dugu ere, urtaroari lotuta: “Zezeilla euritsu, bedartzak ederto gizen du”. Eta zurea?
[…] Azkue Fundazioa […]