Euskal egitasmoak

Entitateek atxikimendua eman diote Euskaraldiari

Euskal Herriko eremu profesional askotariko 85 entitateetatik gora atxikimendua eman diote Euskaraldiari. Euskaraldiaren 2018ko jomuga herritarak aktibatzea bada ere, herritarrek bizitza entitateei lotuta egiten dute (elkarteak, enpresak, erakundeak…) horregatik horiek ere euskaraz hitz egiteko inguru abegikor bilakatzea garrantzitsua da. Entitateek sustatzaile gisa zortzi urratsetako ardura protokoloa jarraituko dute.

 

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialari atxikimendua eman dioten 85 bat entitateetatik 55 baino gehiagoko ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Hitza hartu dute: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Ignacio Lekunberri, Mutualiako gerenteak, Jose Maria Eizagirre, Fagorreko lehendakaritza batzordearen ordezkariak eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak.

Miren Dobaran sailburuordeak entitateen konpromisoaren garrantzia azpimarratu du: “Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ariketa sozial honek hainbat bidelagun behar ditu. Hiztunak aktibatzeko aliatuak behar ditugu, eta gaur gurekin dauden entitateek norabide horretan lagunduko gaituzte. Herritarrek entitateei lotuta egiten dute beren egunerokoa: elkarteetan, enpresetan, kirol elkarteetan, aisialdi taldeetan… Eta Euskaraldiarekin bat egin duten entitateek ekimena zabaltzen eta sustatzen laguntzeko konpromiso argia hartu dute.  Arrate Illarok laburbildu ditu gakoetako batzuk: “Euskaraldiko entitate sustatzaileek herritarrei bidea erraztuko diete beren eremuan ahobizi eta belarriprest gisa hizkuntzaren erabileran urratsak eman ditzaten. Horretarako ekimenaren zabalkundea egin, kideak aktibatu, eta ariketa egiteko baliabideak eskainiko dizkiete.” Ignacio Lekunberrik inguruari erreparatu dio: “Gizarte batean bizi diren enpresek gizarte horretan erabiltzen den hizkuntza erabili behar dute.” Jose Mari Izagirren hitzetan horren adibidea: langile asko eta askorentzat Fagor da beraiek euskaraz egiteko daukaten espazio bakarra, eta hori jakinda, are arrazoi gehiago ditugu Fagor eskualde moduan ulertu eta gure plantetan Euskaraldia antolatzeko.” Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Izaskun Landaidak: “Euskaraldia batasun eta elkarlan horren adierazpen bat da. Denak batera helburu berdina lortzeko. Emakundetik Euskaraldia babesten dugu, eta Euskaraldian agente aktibo izan nahi dugu, izan ere, erakunde publikoek erantzukizun berezia dugu euskararen erabileraren sustapenean. Ahobizi izan nahi dugu, herritarrei lehen hitza euskaraz eginez. Eta belarriprest izan nahi dugu baita ere, guregana herritarrak ere euskaraz gerturatzea sustatuz. Emakundetik azken urteotan ahalegin bereziak egin ditugu euskara lan hizkuntza bihurtzeko, eusle metodologia erabili dugu, besteak beste, eta ikusi dugu inertziak aldatzea benetan posible dela eta horregatik sinesten dugu Euskaraldiaren eraginkortasunean.”

Entitateak

Euskararen erabilerari dagokionez herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketan parte hartzeko Euskal Herri osoko 350 herritik gora eman dute izena eta entitateen artean 85 baino gehiago zenbatu daitezke. Egunez egun gero eta herri eta entitate gehiago ari dira ekimenera batzen, beraz, hazten jarraituko duen zerrenda da.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren helburua herritarrak badira ere entitateen zeregina garrantzitsua izango da. Izan ere, herritarren bizitzari lotuta daude entitateak eta erakunde publikoetan, euskararen gizarte erakundeetan zein bestelako enpresa eta erakundeetan hizkuntzaren aktibazioa bermatzeko, inguruko abegikorrak sortzea funtsezkoa da.

Zer egin dezakete entitateek, norbanakoak ahobizi eta belarriprest izan daitezen?

Hona hemen entitateek Euskaraldian parte hartzeko jarraituko dituzten zortzi urratseko zerrenda.

1. Kideei (langile, bezero eta bazkideak) ekimena aurkeztu eta parte hartzeko gonbidapena egin.
2. Entitateko kideei parte hartzeko ahobizi eta belarriprest txapak eskaini.
3. Entitateko kideei ekimena gauzatzeko prestakuntza eskaini.
4. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, harrera egiten dieten pertsonak ahobizi edo belarriprest gisa identifikatu, eta posible den guztietan harrera euskaraz egin.
5. Ekimenaren herriko antolakuntza batzordean parte hartu edo batzordearekin koordinatuta egon (herrian batzordea dagoen kasuetan).
6. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra espazioa girotu, ekimena ikusgarri egin eta parte hartzaileei aholkuak emateko.
7. Hamaika egun horietan hizkuntza praktikarako sortzen diren zailtasunak identifikatu eta jaso, gerora konponbidea emateko. 

8. Aurrera begira hamaika egunetako praktika horiek posible izan daitezen ibilbidea zehaztea.

Zer gertatzen ari da Euskaraldian?

  • Batzordekideentzat azken mintegia: larunbata, ekainak 2, Luhuso
  • Prestatzaileen formakuntza saioak egiten ari dira.
  • Hamaikakoak sortzen ari dira herrietan eta hainbat entitateetan
  • Hurrengo asteetan atxikimendu gehiago jasotzen jarraituko dugu
  • Herritarren izen-ematea irailetik azarora.

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu