Euskal egitasmoak

Emakumeak Soka Dantzan

Euskal dantza zer den, nork dantzatu duen, nolakoa den eta zergatik XXI.mendearen hastapenean Euskaldunek molde berezi horretan dantzatzen jarraitzen duten galdetzen dio bere buruari erakusketa honek.

Eskuak elkarri emanez plazaratu dira luzaz euskaldunak dantzara: sokan. Belaunaldiz belaunaldi, kultura bat, hitz egiteko hizkuntza propio bat, munduratzeko txoko bat, elkarrekin bizitzeko dantza bat transmititu dute Euskaldunek sokadantzan. Euskara eta euskal dantza, horiek dira Euskaldunek komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak. Hitzen bidez gorpuzten da euskara, gorputzaren bidez hitz egiten du euskal dantzak.

Dantzatik euskal munduari begiratzen dio erakusketa honek. Euskal dantzaren etorkizunaz galdetzen dio ikusleari, eta horrekin gogoeta gai du iragana, plaza, eszenatokia, gizartea, boterea, agintea, borroka, iraultza, jerarkia, berdintasuna, kohesioa, etena, gatazka, transmisioa, generoa, adina, protokoloa, plazera, liturgia, festa, tradizioa, berrikuntza, erlijioa, sekularizazioa, iraupena, haustura, gozamena, bikaintasuna, arrunkeria, ohitura, kultura, euskara, dantza, soka.

Gorputzaren ariketa bezainbat, dantza gertakizun sozial bat da. Dantza testuinguru desberdinetan kokatzen da, izan daitezen festa eta ospakizun. Testuinguru horien eduki zein esanahia beti garai, toki eta kategoria sozialen araberakoa izan da. Dantza tradizionalak ospakizunei lotu bere testuinguruek anitz derasate gizarte baten funtzionamendu, soziologia, ekonomia edo ekonomia moralari buruz. Dantza tradizionalen bilakaerari ikuspegi desberdinen arabera behatzen ahal zaio: dantza eta ordenu soziala, dantza eta gizarte erregulazioa, dantzaren esanahi sinboliko gordeak, Eliza eta dantzaren arteko harreman bikoitza, edo dantza soinulariaren bilakaera historikoa. Jarrera eta praktika sozial horiek beti aldatuz joan dira mendeetan zehar, gaurko aniztasuneraino.

 Emakumeak dantzan

Gizartean oro har, politikan, lan-munduan, emakume eta gizonek eskubide eta aukerak berdintasunean izateko urratsak ematen ari dira azken hamarkadetan.

Zenbait alorretan, dantza tradizionalean adibidez, beste eremu batzuetan baino motelago bermatzen ari dira emakumeen eskubideak. Tradizioaren aitzakian, dantzak zentralitatea hartzen duen eremuetan ohikoa da oraindik gizonezkoak nagusi izatea eta emakumea baztertzea. Genero bakoitzak duen aktibitate maila eta protagonismoa konparatuz gero azaleratzen den kontraesana argia da. Parte hartzaile kopuruei erreparatuz gero, eta bereziki jarduera ludikoetan eta transmisiorari lotutakoei begiratuta, nabarmena da nagusi direla emakumeak.

Baina dantzaren alorrean gutxiengoa izan arren, ikuskizun, erritual eta adierazpen sinbolikoetan gizonezkoek beren posizio hegemonikoari eusten diote, eta asko dira emakumerik onartzen ez duten tradizio koreografikoak. Baina zerbait aldatzen ari da XXI. mendearen lehen zati honetan. Luzaroan gizonezkoek monopolizatu dituzten zenbait tradiziotan emakumeak hasi dira parte hartzen gizonezkoekin batera. Dantza gehienak generorik gabeko dantzak direla agerian jarri dute gizon-emakume horiek, eta erritualak osoago, ederrago eta justuago direla parekidetasunean egiten direnean.

Luzaroan entzun eta irakurri dugu garai batean emakumeek ez zutela dantzatzen. Aldiz, azken urteotan hainbat ikertzailek erakutsi digute emakumeek historian dantzatu dutela, bai, uste baino gehiago eta maizago. Baina entzutea eta irakurtzea gauza bat da, eta ikustea beste bat. Hona hemen, dantzan.eus-en sareratu dugun filme honek ebidentzia hezur-mamitzen du. Emakumeak, soka-dantza bat eginez, aurreskua gidatuz Santurtzin, 1921ean.

Emakumeak soka dantzan

Emakumeak soka dantzan

 

Euskal dantzaren historia egiterakoan, gizonezkoen dantzaren historia egin da maiz. Tarteka, emakume dantzarien aipamenak agertu dira, baina bitxikeria moduan hartu izan dira. Gizonezkoen aipamenak ugariago dira, ez alperrik gizonak posizio hegemonikoa izan du gizartean hainbat mendez, eta dantza erritual eta protokoloen bidez, besteak beste nagusitasun hori erakutsi eta sendotu izan du. Dantzatu du emakumeak, bai horixe. Debeku eta oztopo ugari jasan behar izan baditu ere. Aginte zibil eta erlijiosoak ahaleginak egin ditu emakume dantzaria plazatik ezkutarazteko. Dantzatu du emakumeak, baina makina bat debeku, oztopo, kanporatze, zigor eta eraso pairatuta.

Andrazkoen soka dantza [Auñamendi Entziklopediako audioa]

Aita Donostiak idatzi zuen emakumeak euskal dantzetan ez zuela dantzatzen, dantzatua izaten zela. Soka osatu duten gizonezkoek aurreskua jasotzera emakumea plaza erdira gonbidatzen duten uneaz. Baina soka-dantzak, ez zituzten soilik gizonezkoek egiten. Lehen sokak, ez zituzten soilik gizonezkoek ateratzen. Ohikoa izan da emakumeek sokadantzak gidatzea, lehen soka emakumez osatzea, eta beraz, dantzari protagonismoa beregain hartzea. Hona Resurreccion Maria de Azkuek jasotako kanta honetan kontatzen dena: «Behin batez yoan ninduzun Isturitzeko plazalat, andre eder bat ikusi nuen dantza-buruan zuhala». «Andre eder bat dantza-buruan», emakume bat soka-dantza gidatzen.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu