Euskara teknologian eta IKTak euskaraz

Emakumea ingurune digitalean

emakumeeneguna

  .EUS domeinu-izenak erregistratzen dituztenen artean %25 baino ez dira emakumeak.

Bigarren urtez jarraian Euskarak Interneten duten presentzia aztertu du PuntuEUS Behatokiak. Baita, Internetek Euskal Herrian duen presentzia ere, modu kuantitatibo zein kualitatiboan, horretarako hiru alor neurtuz: .EUS domeinuaren egoera, Internet Euskal Herrian eta Euskararen egoera Interneten.

.EUS domeinua publiko egin zenetik bi urte bete direnean domeinuak bere tokia hartu du euskal Interneten. 2016. urtean ezarritako helburu guztiak bete dira, eta 6.302 domeinu-izenekin itxi zuen urtea .EUSek. Euskal Herrian guztira 230.000 domeinu-izen daude erregistratuta, domeinu nagusiak (.com, .org, .net, .es etab) kontuan hartuta. Horien artean, euskara duten webguneak 18.317 bakarrik direla kontuan hartzen badugu, .EUS domeinuak duen presentzia garrantzitsua da, hirutik bat .EUS baita.

Kalitateari erreparatuz gero, Euskal Herrian.EUS da Interneti eduki ekarpen handiena egiten dion domeinua. .EUS diren webguneek eduki asko argitaratzen dute, batez beste webguneko 7.131 dokumentu, Interneti ekarpen handia eginez. Hau garrantzitsua da euskararentzat, .EUS webguneen edukiaren zati handia euskaraz argitaratzen delako. .EUS domeinudun webguneak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %90a. Izaerari dagokionean, .EUS domeinua erregistratzen duten erakundeen tipologiak erakusten du domeinuaren balioa orokorra eta askotarikoa dela. Interneten ohikoa den moduan, enpresak dira .EUS domeinuaren erabiltzaile nagusiak.

emakumeak

Non dago emakumea ingurune digitalean? 

Behatokiak emakumeak Interneten duen presentzia ere neurtu du aurten. Emakume naizen aldetik, ez zait iruditzen harro sentitzeko moduko datua denik, .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez izatea emakumeak.

Emakumeek ingurune digitalean dugun presentzia txikia da nonahi. Europako Batzordeak argitaratutako ikerketaren arabera IKT alorrean lan egiten dugun 7 milioi pertsonen artean %30 baino ez gara emakumezkoak, eta ehuneko hau are txikiagoa da ardura postuetan, %19ra mugatuaz.

UMAP txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen webgunearen arabera euskal txiolarien artean %33 gara emakumeak. Erabiltzaileen rankingari erreparatuta, 22 emakume ageri omen gara lehen 100en artean eta bat bera ere ez lehen 10en artean.

Edurne Larraza EHUko informatika irakaslea, Lorea Argarate DeustoTecheko kolaboratzailea, Lorea Martinez, informatika ingeniaria eta Eli Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzailea, izan ziren atzo, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa), Puntu Eus fundazioak antolatutako mahai inguruko hizlariak.

Lorea Martinez, Informatika ingeniariak,«horrela jarraitzen badu, bigarren arrakala digitala gertatutako da, emakumeekin», ohartarazi du . Arrakala digitala, baliabide teknologiko berriak lortzeko talde sozialen artean sortutako abantaila eta desabantaila egoerari esaten zaio. «Munduak ezin du galdu daukan talentuaren erdia. Emakumeek parte hartu behar dugu, sortzaile moduan».

Egoera iraultzeko, Lorea Martinezek aldarrikatu zuen “STEM emakumea” [zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika hitzen ingelesezko siglak dira]. «STEM emakume gutxi dago, STEM neskatila gutxiago dagoelako».

Edurne Larrazak nabarmendu zuen Informatika Fakultatetik 4000 graduatu atera direla eta hoietatik, 1000 emakume informatikari; orain dela 15 urte fakultateko %26 emakumeak ziren eta aldiz, aurton,  %15a. Edurnek aipatu zuen ere  iaz AEBetako Stanford unibertsitatean emakumeek gehien aukeratu zuten karrera informatika izan zela. Larrazaren ustez, horretan zerikusia du «txiki-txikitatik» eskolan informatika irakasteak. «Curriculumean sartuta dagoenean, neskek emaitza hobeak izaten dituzte mutilek baino».

Pomboren ustez, alfabetatu izatearen kontzeptua aldatu da. «Lehen alfabetatu gabea zen irakurtzen edo idazten ez zekiena. Gaur egun, haurrek programazio logika hasieratik ikasi beharko lukete, eta guraso gisa kezka ematen dit eskolan kontzientzia hori ez egoteak». Argaratek uste du ikasleak ez ezik, irakasleak ere hezi beharko liratekeela. «Askotan uste dugu gazte guztiek dakartela ezagutza hori, baina Irakasle ikasketak egiten dituzten askok ez dute programazio logikaren ezagutzarik».

Bestalde, PuntuEUS Fundazioak, bigarren urtez jarraian, bere alea jarri eta komunitatera sarbidea erraztu nahi digu emakumeoi. .EUS emakumeona ere bada! kanpaina abian jarri du  Internetek baduelako generoa eta puntu eus emakumeena ere badelako. Horretarako, eta deskontu kode bat sortu du guretzat, emakumeontzat, nahi dugun domeinu-izena merkeago, 15 €an, eskuratu dezagun. Kodea martxoaren 12an iraungiko da.

 

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu