Euskal egitasmoak

Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa, Euskararen Etxean

Erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta areago eman nahi ditu ezagutzera.

 

Emakume horietako asko pilota-jokoan tradizio gehien zuten euskal herrietakoak ziren, eta mundu osoan gailendu ziren.  XX. mendearen lehenengo hamarkadetan zabaldu ziren frontoi asko erraketa jokoan aritzeko diseinatuta edo egokituta zeuden. Lehenbizikoa, Madrilen zabaldu zuten, 1917an: Cedaceros frontoia. Euskal Herrian, Bilboko Euzkel-Jain eta Donostiako Groseko frontoian aritu ziren erraketistak. Amerikan, erraketa-jokoak ikaragarrizko arrakasta izan zuen, milaka jarraitzaile izan baitzituen, esate baterako, Kubako Habana-Madrid edo Mexikoko Metropolitano frontoian.

Garai hartako prentsak, literaturak eta zinemak berehala jaso zituzten erraketisten ospea eta trebetasuna: Luis Antonio de Vega Rubioren “Chiquita de Bilbao” eleberria, Julio Salvador-ek 1950ean zuzendutako zinema beltzeko “Apartado de correos 1001” filma, edo Carmen Sarmientok 1978an RTVErako egin zuen “El ocaso de las raquetistas” dokumentala, besteak beste. Artista plastikoak ere erraketistek jokatutako kinieletako txartelak diseinatzeaz arduratu ziren, esate baterako, David Álvarez Flores irudigile tolosarra (1900-1940).

Erakusketa honetan, hainbat objektu ditugu ikusgai, besteak beste, erraketak, pilotak, pilota-prentsa bat, erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen zirriborroak, argazkiak, kontratuak, federazioko fitxak, kinielak, garaikurrak eta oroigarriak, frontoien programak, kromoen albumak, eleberri bat, prentsako artikuluak…

Bost atal ditu erakusketak, Sakea, Tanteoa, Kantxa, Kontrakantxa eta Hemen eta orain, eta XX. mendean munduko kantxetan erraketistek izan zuten presentziaren berri ematen du. Horretarako, lekukotzak, erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguel diseinatzailearen zirriborroak, argazkiak, kontratuak eta  prentsako artikuluak batzen ditu besteak beste.

Ikus-entzunezkoa eta orain arte erraketisten gainean berreskuratu den informazioa egongo da eskura. “Mundu mailan Euskal Pilotaren alorrean emakumeak izan duen zereginari buruzko ikerketa-lan interesgarria da erakusketa hau”, adierazi dute.

“Emakumea eta Euskal Pilota” erakusketa ikusgai egongo da gaurtik, irailak 14 arte, Euskararen Etxean.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu