Euskara ingurune digitalean

eLiburutegiak 15.000 liburuez gain, 1.600 film eta egokitutako 600 audioliburu eskaintzen ditu

Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak 1.600 film eskaini ditzake gaur eLiburutegia plataforman. Bi aldeek sinatu duten konpromisoaren arabera, urte amaieran eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira.

Mailegua doakoa da erabiltzaileentzat eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere baitan egile-eskubideak hartzen dituen prezioa ordainduko du. Filmen kasuan, maileguak hiru eguneko epea esleitzen du eta erabiltzaileak nahi adina aldiz ikus dezake filma epe horren barruan. Erabiltzaile bakoitzak bi mailegu eska ditzake asteko; eta zortzi mailegu hilean, gehienez. Filmek genero ugari hartzen dituzte barne, eta jarraitu den irizpide nagusietako bat kalitatearena izan da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker erabiltzaileek 1.600 film eta dokumental dituzte aukeratzeko, eta euskal zinemagintzak aipatuen artean pisu berezia izango du. Horiez gain, eduki digitaleko online plataforma publiko honek egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu gaurtik aurrera, Daisy formatuan, (Digital Accesible Information System-Informazio Sistema Digital Irisgarria). Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema bat da: testua eta tratamendu berezia duen audioa uztartzen ditu.eta horien erdia euskaraz dago. Zerbitzu berri horiek eLiburutegiak orain arte eskaintzen zituen horiei gehituko zaizkie: 15.000 liburu baino gehiago, 24.000 erabiltzaile eta, iaz, 45.000 mailegu baino gehiago eskaini zituen. Zenbaki hauei esker eLiburutegia penintsulako liburutegi digitalik handiena da.

Beste berritasun batzuk

Azkenik, Armiarmarekin sinaturiko akordio bati esker, eLiburutegiak literatura-txoko bat sortu du: eGunekoa. Bertan, liburutegi digitaleko erabiltzaileek literatura-arloari loturiko pertsonen inguruko efemerideak jasoko dituzte egunero. Egile ezberdinen inguruko erreferentziak argitaratuko dira egunero eta, aldi berean, beren lanetara zuzenean sartzeko aukera emango da. Honela, atal berri honi esker, literatura-gomendioetatik edukietara zuzenean joateko aukera dago, literatura-komunitatearen kultura sustatuz.

eLiburutegiko datuak

eLiburutegia Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena da, alde handiarekin: 15.200 liburu ezberdin ditu (bere atzetik datorren Kataluniak erdia ditu) eta, orain, filmak eta egokitutako audioliburuak gehitu zaizkie. Euskadi, gainera, bere liburutegi digitalean erabiltzaile gehien dituen erkidegoa da eta, portzentualki, mailegu digital gehien dituen laugarren elkargoa da (Madril, Katalunia eta Errioxaren atzetik). Kultura kontsumo eta ohituren inguruko Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera, irakurleen erdiak (% 50) formatu digitalean irakurtzen dute (% 13 formatu digitalean bakarrik eta % 37 bi formatutan); Uztaila eta abendua dira eLiburutegian mailegu-eskaera handiena duten urteko hilak (4.000 mailegutik gora hilean). 2017. urtean, eLiburutegiko saioen % 65,3a emakumezkoena izan zen; % 34,7a gizonezkoena. Adin-tarteei dagokienez, 35-44 urte bitarteko erabiltzaileen taldea da jendetsuena; 2017. urtean mailegu gehien izan dituzten izenburuak: Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ (276 mailegu);eta Karmele Jaioren ‘Ez naiz ni’ (151 mailegu). Momentu honetan mailegu gehien izan dituzten zortzi lanen artean, bost euskarazkoak dira eta beste hiruak gaztelerazkoak.

eLiburutegia proiektuak azken urteotan izan duen bilakaera oso adierazgarria izan da ere: 2015en (2014ko azaroan jaio zen) izan zituen 29.580 maileguetatik 45.456 maileguetara igaro zen iaz; eta erabiltzaileei dagokienez, 10.160 erabiltzaile zituen 2015en eta, egun, ia 24.000 ditu. Euskadiko Irakurketa Sareko Publikoko bazkideek liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzun datu berdinak (bazkide zenbakia eta pasahitza) behar dituzte eLiburutegian sartzeko. Pasahitza ahaztu baduzu zure liburutegira jo beharko duzu eta berri bat emango dizute. Sareko liburutegi publiko bateko erabiltzaile ez direnek txartela eska dezakete udal liburutegian eta plataformara sartzeko beharrezko datuak emango zaizkie. Euskadiko Irakurketa Sareko Publikoak 925.936 bazkide ditu.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu