Euskal egitasmoak

Elaide, euskal hiztunen zaletasunak eta interesak partekatzeko sarea

Kalean eta Interneten, euskal hiztun asko dabiltza zaletasunak eta interesak partekatzen, jendea ezagutzen, aktualitatea komentatzen, planak egiten, euskara ikasten… Pertsona horientzako bilgune bat eskaintzen duen sare soziala da Elaide Saretik Plazara, eta euskara ikasten ari direnen bidelaguna ere, noski.

Elaide, saretik plazara

Elaide, saretik plazara

Elaide plataformaren sortzaileak Nafarroan Euskara Zerbitzua duten hainbat toki entitate dira, eta Elaide hitzaren bi adierekin jantzi nahi izan dute gune hau: hizkera edo hizkuntza esan nahi du, eta norbaitekin tratua duen pertsonari edo pertsona ezagunari ere egiten dio erreferentzia. Hain zuzen, horiekin bete nahi da Elaide, eta, hemendik aurrera, denon erronka izango da Interneteko sare sozial hau auzolanean eta trukean eraikitzea, ohitura onei eutsiz.

Hitz egiteko eta harremanetarako tokia da Elaide, eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
Planak antolatzeko agenda
Edozein gairi buruz kontsultak egiteko lekua
Euskarazko baliabideen bilduma
Euskarari buruzko galderak egiteko gunea
Euskara lantzeko atariak
Blogak egiteko orriak
Norberaren eta taldeko proiektuak proposatzeko lekua

Nafarroan Euskara Zerbitzua duten toki entitate hauek eratu dute Elaide: Agoitzek, Aezkoak, Antsoainek, Arangurenek, Artzibarrek, Atarrabiak, Auritzek, Barañainek, Basaburuak, Berriobeitik, Berriozarrek, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Burlatak, Eguesibarrek, Esteribarrek, Etxaurik, Erroibarrek, Erronkaribarrek, Galarrek, Garesek, Imotzek, Luzaidek, Malerrekako Mankomunitateak, Odietak, Oltzako Zendeak, Orkoienek, Orreagak, Sakanako Mankomunitateak, Uhartek, Ultzamak, Zaraitzuk eta Zizur Nagusiak.

Izena ematea doakoa da eta horrelako interesak dituzten pertsonekin jarri gaitezke kontaktuan:

  • Mendizalea naiz eta familiarekin egotea gustatzen zait. Duela gutxi ikasi nuen euskaraz, eta ikasten ari direnak animatu nahi ditut.
  • Euskalduna naiz. Familiarekin eta lagunekin egotea gustatzen zait. Sare sozialetan eta Interneten ibiltzen ikasi nahi nuke.
  • Zinema gustatzen zait. Iruñerrian euskaraz antolatzen diren kultur ekitaldiak non eta noiz antolatzen diren jakin nahiko nuke.
  • Bidaiatzea gogoko dut eta argazkigintza ere bai. Lagun berriak nahi ditut, zaletasunak partekatzeko, euskararekin lagunduz.

Interesgarria ezta? Ba ez izan zalantzarik eta sartu Elaiden!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu