Euskararen Etxea

EKKI egile eskubideen lehen euskal agentzia aurkeztu da Euskararen Etxean

EKKIren aurkezpena Euskararen Etxean

Euskal sortzaileen lanak zaindu eta kudeatzeko sortu da Euskal Kulturgileen Kidegoa.

Bost elkarte dira bazkide sortzaileak: Bertsozale Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala eta Euskal Herriko Musikarien Elkartea.

Euskararen Etxean batu dira euskal kulturari lotuta diharduten hainbat pertsona. Juantxo Zeberio pianoan eta Elene Arandia, Tenpora taldea, kantuan jarrita hasi dute Euskal Kulturgileen Kidegoari ongietorria emateko ekitaldia. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuaren hitz labur batzuen ostean, Igor Estankona idazle eta EKKI-ko lehen idazkariak eman ditu agentzia berriaren inguruko azalpenak.

IMG_7477

2011. urtean hasi ziren proiekturako lehen mugimenduak, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren diputatuak Gasteizera ekarri zuenean egile eskubideen agentziak baimentzeko eskumena. 2014ko urriaren 21ean Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion ordurako sortuta zegoen EKKI-ri, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik edo nagusiki jardun zezan Jabetza Intelektualaren Legean aitortzen diren eskubideak kudeatzeko erakunde gisa.

Monopolioa apurtzera

Goian aipatutako bost bazkideek osatzen dute elkargoa eta gardentasuna eta hurbileko harremana indartzea ditu helburu. EKKI da Espainiako egile eskubideen gestioan statu quoa apurtzera datorren lehena. Orain arte zortzi sozietate handik – SGAE, CEDRO edo AIE, besteak beste- hartu dute bere gain estatu mailako gestioa: “Monopolio bat apurtzera gatoz- dio Estankonak-, eta konpetentzia egitera lehen egile eskubideen agentzia jakin batzuk dominatzen zuten panoraman”.

Agentziaren esparrua Euskal Herri osoa izango da, egoitza Euskararen Etxean egongo da eta mundu osoan sortzen den euskal kultura, euskarazkoa zein erdaraz eginikoa, kudeatuko du. Posible ikusten dute, arazorik egonez gero, akordio puntualak sinatzea beste agentzia batzuekin.

Euskal sektore kulturalaren tamainagatik sortzaile guztiak agentzia berean biltzea praktikoagoa dela uste dute EKKI-ren sustatzaileek. Gainera, agentzia ezberdinetan ordainketak egiten ibiltzea saihestuko dute, dena leku bakarrean egongo baita: “Gu geu ere sortzaileak gara, eta konturatu gara badagoela ilusioa ikusteko ea beste modu batean kudeatu daitezkeen eskubideak, ea egin dezakegun gure kulturaren neurriko agentzia bat, gure kultura zerbitzatuko duena” uste du Estankonak.

IMG_20150226_121750

Autore bakoitzaren lana autoreak berak egokien ikusten duen bezala tratatzea dute helburu EKKI-koek. Ez dute beraien elkargoa diru-bilketa hutserako agentzia bezala ikusten. Kidergoko idazkariak espero du pedagogia egitea, tarifa logikoak edukitzea, eta helburu nagusi bezala euskal kultura munduan ahalik eta gehien zabaltzea. Hori guztia, sortzaileei lasaitasun juridiko bat bermatuz eta egiten dutena lizentziapean egiten dutela ziurtatuz lortu nahi da.

Agentzia berriak izan ditzakeen eragozpenetako batzuk, egungo produkzio kulturalaren eszena jasaten ari den krisi ekonomikoa eta pirateria izan daitezke, eta baita, entitate ezberdinen ustelkeria kasuak. EKKI martxan jartzeak gauzak hobetu ditzakeela uste du idazkariak, baina gertukoagoa, solidarioagoa eta gardenagoa dela esatea alferrikakoa ikusten du, “hori frogatu egin beharko dugu ibilian-ibilian”. Elkargoak baditu honezkero dozena bat sortzaile bazkidetuta, eta proba beraiekin egingo dute, Estankonak esan bezala izan dadin “gure buruentzat nahiko genukeen egile eskubideen agentzia hori, geurea eta geure beharrei egokituta”.

 flickr-128 Ekitaldiko argazkiak ikusteko hemen sakatu

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu