Euskara ingurune digitalean

“`Egunean behin´, `Candy Crush´ eta antzeko jolas-aplikazioak bideo-jokoak dira”

Larunbatean, Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, 9:45etik aurrera, Jokoteknia Euskarazko Bideo-jokoen III. Jardunaldia egingo da. Ekitaldiaren xede nagusia bideo-jokoak eta euskara batzea da. Ekimena Game Erauntsiaren eta Azkue Fundazioaren arteko elkarlanaren emaitza da. Jardunaldia streaming  bidez zabalduko da: Azkue Fundazioaren Youtube kanaletik eta Game Erauntsiko Twitch kanaletik. Game Erauntsiko kide Maitane Junguiturekin solastatu gara.

Maitane, dirudienez, aurten, jauzi kualitatibo  eta kuantitatiboa gertatu da Game Erauntsian, eta ondorioz zuen ikusgarritasunean ere hazkundea izan da. Bide luze baten abiapuntua da aurtengoa?

Zalantzarik gabe eta arraroa badirudi ere, 2020 urte garrantzitsua izan da Game Erauntsia Elkartearentzat. Eusko Jaurlaritzari esker profesionalizatzeko bidea hasi dugu, eta lan eta lan ibili gara. Egoera ez da erraza izan, eta jarduera ia guztiak online egin behar izan ditugu, baina hori ez da arazoa izan guretzat. Txapelketak, hitzaldiak, iruzkinak… denetik eskaini dugu urte honetan Internet bidez. Espero dugu 2021ean horrela jarraitzea.

Dena dela, zuen helburuak berdinak izaten jarraitzen dute?

Gure helburu nagusia bideo-jokoak eta euskara uztartzea da. Ondorioz, egiten ditugun ekintzak guztiak, bai aurrez-aurrekoak  bai sarekoak, helburu horiek betetzera bideratuta daude. Horregatik, gure helburuekin bat egiten duten instituzioekin lan egiten dugu, indarrak batzeko, Azkue Fundazioarekin bezala.

Jokotekniaren harira, nola baloratzen Azkue Fundazioarekin gauzatutako lankidetza, eta oro har, zuen ibilbideko bestelako elkarlanak?

Hasteko eskerrak eman behar dizkiogu Azkue Fundazioari gugan jarritako konfiantzagatik. Jokoteknia aurrera ateratzeko ezinbesteko kideak dira eta jardunaldi hauek existitzen badira Azkue Fundazioari esker da. Uste dut harreman sinbiotiko bat dugula bestearen helburuak betetzen elkar-laguntzen dugulako, eta hori zinez garrantzitsua da. Jokotekniaren lehenengo edizioa baino lehen hasi zen harreman hori garatzen, eta oso pozik gaude jardunaldi hauek hiru urtez egin izanaz.

Larunbatean egingo den Jokoteknia jardunaldia hitzaldietan oinarritutako ekitaldia da, zeintzuk gai jorratuko dira?

Gai orotarikoak aurkituko ditugu aurtengo jardunaldietan. Horietako bi hizkuntzalaritzari lotuta daude: Itziar Zorrikain linguistak lokalizazioa eta hizkuntzari buruz arituko da eta Laura Santamaria irakasleak katalanaren egoera aurkeztuko digu. Horretaz gain, Julen Urrutia bideo-jokoen garapenari lotutako gai bat aurkeztuko du, animazioa hain zuzen ere. Bestalde, Igor Gaminde bideo-jokoen kontsumoaz arituko da.

Bideo-jokoen munduak alde asko dituen seinale. Dena dela, aurreiritzi asko dira bideo-jokoei dagokioenez. Jendeak uste duena baino zabalagoa da, ezta?

Egia da bideo-jokoen inguruan aurreiritzi eta estereotipo asko daudela, esaterako, etxean kontsolari lotuta dagoen gaztearena. Alabaina, bideo-jokoak hain dira orotarikoak ia mundu guztia jolasten baita, seguruenik bideo-jokoetan ari dela pentsatu gabe. Egunean behinCandy Crush eta antzeko jolas-aplikazioak bideo-jokoak dira, baina estereotipo horretatik ihes egiten dute.

Eta nolakoa da Euskal Herriko bideo-jokoen panorama?

Galdera horrek ez dauka erantzun errazik. Urteak pasata Jokoteknian honen inguruko gogoetak egin dira eta besteak beste, enpresa gutxi eta txikiak ditugula adierazi da. Horregatik, zaila da bideo-joko handi eta indartsu bat hemen argitaratzea. Horretaz gain, hizkuntzaren aldetik egoera ere azter dezakegu. Bideo-joko oso gutxi aurkezten dira euskaraz, eta itzulpenak ere gutxi dira. Egoera aldatu nahi badugu, honetan jardun behar dugu, eta Jokoteknia jardunaldiak garrantzitsuak dira horretarako.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu