Euskararen Etxea

Egun berezi honetan Euskararen Etxeak 10 urte betetzen ditu

Zaindu maite duzun hori (2)

Gaur egun berezia da euskalzale eta euskaldun guztiontzat eta horregatik zoriondu nahi zaituztegu.

Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, 1949tik aurrera Eusko Ikaskuntzak proposatu zuenetik. Gaur ospakizun, ekitaldi eta denetarik egongo da leku askotan.

Baina ezin dugu ahaztu euskara sustatzea ez dela soilik egun bateko lana. Egunero ekin behar diogu euskara zaindu, zabaldu eta sustatzeari eta inoiz baino aproposagoa da Euskara 365 egun lema.

Guretzako egun hau oso berezia da urtero, baina aurtengoan data sinbolikoa bilakatu da gaurkoa. Gaur 10 urte betetzen ditu Euskararen Etxeak. Gaurko egun batez zabaldu zituen ateak etxe honek eta egun inoiz baino egitasmo eta amets gehiago ditugu.

Beraz, gaurkoan zoriondu nahi zaituztegu baina baita Euskararen Etxeak egitasmo horiek bete ahal izateko laguntza eske gatoz ere.

Aro ezberdinak bizi izan ditu Euskararen Etxeak hamar urte hauetan eta 2014a berezia izan da: inoiz baino bisitari gehiago datoz Euskararen Etxea ezagutzera eta horretarako aukera berriak sortu izan dira ere urte hasieran eraikinean egin genuen obrari esker.

Bi areto gehitu dizkiogu eraikinari eta horiei esker Euskararen Etxea askoz zabalago, ikusgarriago eta nabarmenagoa da. Nabarmenagoa, eraikinaren itxura apur bat aldatu delako eta gardentasuna irabazi dugulako, bai fisikoa eta bai sinbolikoa ere bai: beheko solairuaren bi areto berriak beiratez jantzita daude eta kaletik doazten hiritarrek barruan zer egiten dugun ikus dezakete.

San Inazio auzoan gaude eta gure lana eta hizkuntza auzora, Bilbo eta Euskal Herri osora zabaldu nahi ditugu. Mota ezberdinetako eta publiko ezberdinetara zuzendutako jarduerak antolatzen ditugu, zabalak eta doan. Euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzea da gure helburua eta horregatik zuek ere hauetan parte hartzeko animatu nahi zaituztegu.

Hemen jarrai dezakezue gure jardueren agenda osoa.

Eta gaur ondo ospatu Euskararen Nazioarteko Eguna, baina gogoratu euskararen egunak guztiak izan behar dutela, beste 364ak baita ere.

Zorionak!

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu