Egosurfing, egosearching, vanity searching… zer esan nahi dute ingelesetik hartutako terminu guzti hauek? Funtsean, Google edo interneteko beste bilatzaileren batean gure izena bilatzearen ekintzari buruz ari gara.
Guztioi pizten zaigu noizbait interneten gutaz agertzen dena ezagutzeko jakinmina eta bilatzeko gogoa, ezta? Informazio hori eskuratzeko egosurfing delako hau egin behar dugu, gure izena interneten bilatu.
Ekintza honen bidez interneten islatzen dugun irudia ezagutzeko aukera daukagu. Zelan sortzen da irudi hori? Guk argitaratutakoa (gure webgune, blog eta sare sozialetako profiletan) eta beste erabiltzaile batzuek gutaz argitaratu izan dutenarekin osatzen da gure irudia interneten.
Egokia da noizean behin gure izenaren bilaketa egitea, gutaz esaten dena, non, zelan, nork esanda eta zergatik adierazi den ezagutzeko.
Egosurfing-aren bidez sarean “zeintzuk garen, nor garen” jakiteko aukera ematen zaigu. Ikuspegi hau izateak garrantzi handia dauka, azken finean guk izan behar dugulako gure irudiaren arduradunak eta neurriak hartzeko baliabidea delako. Bestalde, legeak ere alor honetan babesa eskaintzen digu: gure datu pertsonalen gaineko sarbiderako eskubideak, zuzenketa, ezabatzea eta ukatzea onartzen digu.
Norberak argitaratzen duena kontrolatzen
Esan bezala, gomendagarria da interneteko bilatzaileetan gure izena bilatzea noizean behin.
Bilaketa honen bidez jakingo dugu:
- Zer egitaratu duzun sarean, publikoki ikusgarri dagoena.
- Zer nolako eragina eta kokapena lortzen duten nire argitalpenek bilatzaileen emaitzetan: webgune edo blog batean parte hartzen baduzu, adibidez, zure edukiak nola kokatzen diren ikusiko duzu.
- Nolakoa den zure ospea interneten: zein mailatan dagoen, zein tono edo jarrera…
- Sarean eragin eta influentzia handiagoa izateko bideratu beharreko neurriak argi izateko datuak lortuko dituzu.
- Publikoki zabaldu duzuna ikusita, sare sozialetan eta abar pribatutasuna zaintzeko doikuntzak egiteko aukera emango dizu.
- Agertzerik nahi ez dituzun edukiak ezabatzeko aukera izango duzu.
Nola jokatu lortu dugun informazioarekin?
Informazioa eta aurkituko ditugun datuak mota askotakoak izango dira: gure sare sozialetako profil, blogetan argitaratu izan duguna, atsegin duguna adierazi duguna (edukiak, baliabideak), objetiboki lortutako guri buruzko datuak…
Guk argitaratutako edukiak zaindu eta kudeatzea lanik errazena da: profiletako ezarpenetan ezarriko ditugu mugak eta aukerak doituko ditugu: zein eduki ikusiko den publikoki, nork argitaratu dezakeen gure profiletan, iruzkinak onartzen ditugun edo ez…
Bide batez, agertzerik nahi ez ditugun edukiak ezabatzeko aukera daukagu baita ere.
Oinarria, zuk kudeatu behar duzu zutaz zabalduko dena eta argitaratu nahi duzuna.
Eta beste batek argitaratu duenarekin zer egin?
Beste erabiltzaile batzuek argitaratutako edukiak gu aipatuz edo guri buruzkoak agertzen direnean bilaketaren emaitzetan, neurriak hartzeko aukera dugu:
- Lagun, ezagun, sare sozialetako kide eta abar horiei adierazi beraien profiletako pribatutasun doikuntzak ezartzeko. Zure irudia, aipamena, izena… agertzen den tokietan publikoa ez izateko.
- Zure profiletan ezarri zeinek daukan zu etiketatzeko aukera. Eta etiketatuta agertzen zaren edukia kudeatzeko aukera ezarri.
- Agertu nahi ez dugun argitalpenetan etiketak kendu genitzake.
Bestalde, hedabide eta zerbitzu publikoek guri buruzko informazioa argitaratzen dute baita ere eta hau mota oso ezberdinetakoa izan daiteke: Buletin Ofizialetan; zozketa eta lehiaketetako saridunen zerrendak; ekintza edo jarduera publikoren bateko parte hartzaileen zerrenda publikoa; ikastaro batetako hizlari, irakasle edo parte hartzaileen zerrenda…
Informazio mota honetarako badago ere pribatutasuna zaintzeko eskubidea eta legeak erabiltzaileon alde egiten du, datu pertsonalak babestuz, baliabide ezberdinen bidez:
- Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua arautzen duen Lege Organikoaren bidez (gazteleraz LOPD sigladuna).
- Ahaztua izatearen eskubidea bideratu genezake. Gai hau dagoeneko blog honetan landu izan dugu. Hemen sakatu artikulua irakurtzeko.
Azken finean egosurfing-a gure nortasun digitala babestu eta kudeatzeko tresna bezala erabili behar dugu. Gure interneteko kokapena eta ospea ezagutuko ditugu eta baita gure izena zaintzeko baliabidea da.
Beraz, badakizu, praktikatu egosurfing-a noizean behin…