Euskal egitasmoak

e5 egitasmoaren aurkezpen mintegia

Eusko Ikaskuntza buru-belarri dabil lanean egungo euskal gizarteak 2015ean planteatu zizkion erronka nagusiei erantzun bila eta konponbide berriak eman nahian. Erronka horietako bat Euskararen Etorkizuna da, eta hor kokatzen da hain zuzen egitasmo hau.

Gasteizko Europa Biltzar Jauregiak 80 pertsona bildu ditu Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen e5 egitasmoaren lehenengo aurkezpen mintegi irekian. Bildutakoen artean,  agintariak, erakundeetako ordezkariak eta disziplina anitzeko euskalgintzako eragileak egon dira; proiektua euskalgintzari eta euskaraz garatu nahi duen komunitateari zuzenduta dago. Euskalgintzaren indarra eta ikuspegia berritzeko, eta horrekin batera, etorkizunerako estrategiak modu doituan berpentsatzeko helburua duen proiektua ezagutu eta parte hartzeko xedez batu dira.

Aurkezpen saioa izateaz gain, kontraste-elkarrizketak burutu dira bertaratutakoek proposatutako ereduaren gainean ekarpenak egin eta osatzeko. Parte-hartzaileak marko interpretatibo berri baten bidez etorkizuna eraikitzeko polizentrismoa, sinkronizazioa eta komunitate hiru indar-ideia nagusitan oinarrituz hausnartu zuten. Datozen hamarkadetarako euskalgintzaren aro berria konfiguratzeko helburuarekin, euskal komunitatearen kapitalen mapa osatu da.

Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen proiektuak lana 2016an hasi zuen, lantalde egonkorra osatu zuenean, eta definizio eta kontzeptualizazio faseari ekin zion. Horren baitan kokatzen da hain zuzen, lehenengo mintegi hau. Aurten eta datorren urtearen bitartean azterketa fasean sakonduko du, Desiratutako Eszenarioen Konstelarioaren irudikapena eginez. Eta 2018an Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren ospakizunen harira, proiektu honen emaitzak, ondorioak eta proposamenak aurkeztuko dira Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu