Berrikuntza teknologikoak Blogintza

Blog baten idazterakoan denbora kudeatzeko gomendio batzuk

Blog bat osatzea erabakitzen dugunean askotan gai batek larritu egiten gaitu: nola kudeatu daukagun denbora blogean patxadaz idatzi ahal izateko eta artikuluei dagokien denbora eskaintzeko?

Sarritan blogak ilusio eta motibazio handiekin jaiotzen dira, intentzio eta ideia onekin, baina denbora falta dela eta, arazo bihurtzen dira eta eguneroko bizitzaren erritmoa jarraitzeko eragozpenak sortzen dituzte. Ondorioz, abandonatuak izaten dira eta hiltzen dira, eguneraketarik ez dituztelako.

Egia da blog bat mantentzeak lana eskatzen duela. Baina ganoraz burutu daiteke antolaketa apur batekin. Gaurkoan, honi buruzko gomendio batzuk eman nahi dizkizuegu.

Kontutan izan behar den lehenengo gauza diziplina apur bat behar dela da. Blogean idazteak lana badauka eta horri ekin behar zaio helburuak bete nahi badira.

  1. Beraz, hemendik abiatuta, kontutan izan beharreko lehen araua gaia ondo erabakitzea litzateke. Denbora hartu zein gaiaren inguruan idatziko duzun pentsatzeko.
  2. Gai bat pentsatzen dugunean, askotan zuzenean beste hainbat otutzen zaizkigu. Ez galdu ideia guzti horiek eta beste aukera batetarako gorde. Lan honetan laguntzeko egun hamaika aplikazio ditugu; erabil itzazu hauek gaien zerrenda eta erreferentziak gordetzeko: Evernote, Toodledo, ohar-blokak…
  3. Idazten hasten zarenean, lana hasi eta bukatu. Geldialdiak egiteak gaiaren haria galtzea ekar lezake eta behin eta berriro gaia eta idazketa birplanteatzea. Hasten duzun artikulua bukatzen saia zaitez.
  4. Artikulua nola egituratuko duzun pentsatu: atal honetan asmatzen badugu, gerokoak askoz errazagoak izango dira: azpimarratu nahi dituzun ideiak, izenburu aukerak, artikuluaren sarrera…
    Adimen-mapa osatzeak lagundu dezake.
  5. Artikuluen luzera zaindu. Gaiaren arabera, ondo landu beharko duzu idazkiaren luzera: gai batzuk laburki azal daitezke; beste batzuk, ostera, mamitsuagoak dira eta azalpenak eta testu gehiago eskatzen dute. Ez larritu artikulu bat luze geratzen bazaizu: gaiak interesa badauka eta ondo egituratuta badago, bilatzaileek ere kontutan hartuko dute eta lehenengo postuetara igoko da.Emozioa ipini idazterakoan eta artikulua egituratzerakoan, baina zentzua galdu gabe; ondo kontrolatu paragrafo kopurua, irudien kopurua eta kokapena, estekak eta abar…
    Artikulua luzeegi gertatzen denean, zati ezberdinetan banatu: irakurlearen interesa piztuko duzu, azalpenak zatika emateko aukera izango duzu eta ideiak argiago azaltzeko bidea izan daiteke. Atikulu batetik bestera estekak eta aipamenak egin.
  6. Idazketaren berrikuspena paragrafoz-paragrafo egin. Apurka-apurka zuzentzen joanez gero, arinago bukatuko duzu eta hurrengo paragrafoen idazketan lagungarri izango zaizu.
  7. Idazketan lan ezberdinak antolatu: artikulu bat osatzerakoan lan mota ezberdinak izan behar ditugu kontutan: idazketa, edukia, itxura, estiloa, diseinua, irudien kokapena eta maketazioa…
    Hauetako bakoitza banaka hartzea eta ez nahastea komeni da.
  8. Denbora tarte bat finkatu artikulu bakoitzerako. Normalean, artikulu bati eskainiko zaion lan denbora zehazteak lagundu egingo du. Norberak bilatu behar du zein den tarterik egokiena eta nola kudeatuko duen.
  9. Artikulu bat idazten zaudenean, ahaztu beste guztia: aurreko puntuarekin lotuta dago eta beste lan batzuetarako geldialdiak egiteak kaltetu egingo du denboraren kudeaketa. Idazten zauden bitartean, ez nahastu jarduera ezberdinak: telefono deiak edo posta elektronikoak erantzutea, beste berri batzuei buruzko informazioa bilatzeko nabigatzea, beste artikulu interesgarri bat irakurtzea bitartean…

 

Gomendio hauek martxan jartzen dituzun heinean, formula pertsonal gehiago asmatuko dituzu. Baina denboraren kudeaketa hobeagoa egingo duzula argi dago!

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu