Modan dagoen lanpostua da zalantzarik gabe, ez dakizuenentzat, esan genezake Community Manager bat enpresa baten online komunitateak kudeatzen duena dela. Asko idatzi da azken urteetan irudi honen inguruan (baina gutxi euskaraz), eta asko dira jadanik Euskal Herrian lanpostu hau sortu duten enpresak eta asko dira ere sortuko dutenak. Baina hori bai, ez dago profesional ugari esperientzia eta lana egiteko ikasketa bereziak dituztenak.
Goazen Community Manager pixka bat gehiago ezagutzera.
Zelakoa izan behar du Community Manager batek?
Community Manager batek lan esparru ezberdin asko jorratzen ditu eta asko dira izan behar dituen ezaugarriak, hurrengo infografian ikus dezakezuen moduan.
AERCOren ustez, (espainiar komunitate digitalen arduradunen erakundea), hauek dira Community Manager baten lan nagusiak:
1. Entzun. Hau da, monitorizatu sarean guri buruz esaten den guztia, ez bakarrik gutaz, gure lehiakideei buruz ere.
2. Informazioa barnean zabaldu: berak daki inork baino hobeto zer esaten den enpresari buruz sarean, beraz informazio hori lortu, ulertu eta barrukoei kontatu behar die. Askotan horrek hobekuntzak ekartzen ditu, azken finean gure bezeroen iritzia oso garrantzitsua eta baliogarria da.
3. Enpresaren balioak eta nahiak azaldu: sareak eta komunitateek jakin behar dutena berak komunikatzen du, enpresaren ahotsa da.
4. Komunitatearen liderrak bilatu: hauek ezagutu eta erlazio bat izanez gero enpresa eta komunitatearen arteko erlazioa sendotu daiteke.
5. Enpresa eta komunitatearen arteko elkarlanak topatu: harrigarria da zelan enpresa bat hasi daitekeen bere bezeroak eta sarean sortuak dauden komunitateak entzuten baditu.
Hauetaz gain, asko eta asko dira Community Manager batek egiten dituen lanak, eguneroko lanak hain zuzen. Gainera enpresaren arabera, lan horiek ezberdinak izan daitezke, azken finean nahiko berria den lanpostu bat denez enpresa bakoitzean Community Manager lanak egiten dihardutenak esperimentatzen dute asko. Dena den gero eta gehiago profesionalizatzen ari da lanpostua, eta gero eta ikasketa gehiago sortzen ari dira Community Manager izaten ikasteko.
Community Manager izateko ikasketak
Asko dira azkenaldian agertzen ari diren ikasketa espezializatuak Community Manager izateko, hauek dira batzuk, Alberto Payok bere artikulu baten jasotzen ditu:
– Juan Carlos I Unibertsitatea, AERCO-rekin batera, “Experto en Economía Digital y Community Manager” ikastaro bat eskaintzen dute, 300 ordutakoa eta 3.000 eurotan.
– Universidad Europea de Madrid, kasu honetan Máster bat da “Periodismo Digital y Redes Sociales” deiturikoa, 2011tik eskaintzen du eta garestia dela esan genezake: 12.000 euro inguru balio duelako.
– Universitat Pompeu Fabrak Posgradu bat eskeintzen du “Web 2.0. Comunidades, Redes Sociales y Vídeo en Internet”, 2011tik ere eta 3.000 eurotan.
-Bartzelonako Unbertsitatean Online Business School-ekin batera, posgradu bat ere eskeintzen du: “Posgrado Online en Community Manager”. Hauek lehenagotik hasi ziren, 2010ean hain zuzen, aurten bere laugarren edizioa delarik. Kasu honetan 300 ordukoa da eta 3.500 eurotan.
– Comma, hau Bilbon eskeintzen da, M4F enpresak, AERCO eta EITB-rekin batera eskaintzen dute, aurrekoaren oso antzerakoa eta 2010-2011 ikasturtean hasi zen.
Hauez gain, asko dira ikastaro labur edo online sortzen ari direnak. Horrelako ikasketaren bat egitea pentsatzen ari bazara, gomendatzen duguna zera da: ikasketen atzetik edo ikasketen antolatzaile moduan prestigiozko erakunde bat egotea. Gainera, interesgarria da oso, irakasten duten irakasleak “Social Media” delakoan lan egin duten profesionalak izatea, gaian adituak izango direlako, eta horrela askoz gehiago ikasiko duzulako kasu praktikoen bitartez.
Enpresaria naiz eta ez dakit zelan hasi Social Media erabiltzen
Modu ezberdinak daude Community Management estrategia bat aurrera eramateko. Labur azalduko dugu dauden modu ezberdinak eta hurrengo post batean gai hau sakonago jorratuko dugu. Hiru modu ezberdin daudela esan genezake:
-pertsona bat kontratatu lan hori egiteko. enpresaren langilea izango dena
-agentzia espezializatu baten bitartez zerbitzua lortu
-freelance baten zerbitzuak kontratatu
Hirurek dute bere alde onak eta txarrak. Adituak lehenengoaren aldekoak diren arren, beste biek ere bere alde onak dituzte: eta agian inbertsoa aldetik gastu murritzagoa izan dezakete. Hori bai, enpresa barruko pertsona batek bezala ez du inor enpresaren filosofia ezagutuko, eta filosofia honen alde jokatuko du beti. Enpresa askok lan hau bekadunen bitartez bideratzen dute. Adituek ez dute hau gomendatzen, azken finean bekadun batek ez du lan esperientzia handirik eta enpresak pertsona horrengan enpresaren komunikazioren atal bat uzten du, beraz era profesional baten bitartez egitea gomendatzen da.
Community Manager inguruan asko dago idazteko, beraz gutxika joango gara artikulu laburtxo gehiago argitaratzen.