Orain dela bost urte eskas mundua zeharo desberdina zen. iPad-a aurkeztu berria zen, errealitate areagotua etorkizun epe luze bateko gauza zen eta oraindik 4K-a ez genuen ezta irudikatzen ere.
Datorrena, azkarrago eta oraindik zientzia-fikzioko gauzak direla uste dugu. Baina etorriko direla zalantzarik ez dago. Eta horiek aurreko teknologia gainditu eta desagertaraztea ekarriko dute. Ezetz? Zer desagertuko da teknologia, berrikuntza eta metodo berriak eraginda?
Bost urtetan, besterik ez, zenbait gauzen desagertzea biziko dugu. Adi egon, beraz, eta hauek agurtzen edo ordezkatzen has zaitezke; benetan!
Telefono mugikor arrunta edo sinpleak
Orain dela bost urte, telefono mugikorrak deiak egiteko gailu portatilak besterik ez ziren. Egun, smartphone eta internetaren bilakaeraz, telefono mugikorrak ordenagailu txikiak bihurtu dira eta telefonoaren funtzioa gutxienekoa da.
Beraz, telefono deia eta SMS motatako mezuak bidaltzeko gailuak erabat desagertuko dira.
Kreditu txartelak, eskudirua eta kutxazain automatikoak
Bai, irakurri duzuna: kreditu txartelak, eskudirua eta kutxazain automatikoak desagertuko dira.
Diru bidalketa mugikorretarako aplikazio eta mezuen bidez egingo dugu, banku eragiketak sakelako telefonoaren bitartez egingo ditugu eta hau erabiliko dugu baita ere ordainketak egiteko.
Urruneko aginte-tresna
Hau bai sinesgaitza irudituko zaizula, ezta? Ez larritu, gailu elektronikoekin eragiketak egiteko ez duzu sofa edo eserlekutik altxatu behar izango, ez da hori.
Gauzen Interneta nagusitzen ari da eta honi esker ez da beharrezkoa izango aparteko gailu edo hardwarerik.
Etorkizun labur batean, kontrol hau Smart Home izango delakoaren sistemaren barruan txertatuta egongo da eta edozein mugikorretatik etxeko gailuak kontrolatu ahal izango ditugu.
DVDa
Bere garaian VHS (Video Home System) bideo-sistemak BETA sistema ordezkatu zuen. Geroago, DVDa (Bideo Disko Digitala) heldu zen eta nagusi egin zen. Egun, Bluraya, era xumeago batean, DVDaren gainetik nagusitzen ari da.
Baina sistema hau ere desagertuko da. Izan ere, ordenagailu askok ez dute jada honetarako aukerarik ematen.
Telefono finkoa
Smartphonen hazkundeak aurreko telefono finkoaren desagerpena dakar.
USB memoriak
USBa (Universal Standar Bus) industria estandar bat da, 1990eko hamarkadan garatua. Gailu digitalak ordenagailuri konektatzeko aukera ematen duen bus serie interfaze bat da. Jada guztiok ezagutu eta erabiltzen dugun gailua.
Baina, hodeia heldu da eta zerbitzu hau azken urtetan asko hasi eta garatu da. Egun, hamaika enpresa ezberdinek eskaintzen dizkigute eta aukera anitza daukagu, doakotasunetik hasita behar zehatz eta konplexuetara doituz. Apple, Google Drive, Dropbox, Mega, Microsoft, Box… aukera ugari dago.
Hauetaz gain, gure mugikor eta tableten edukiera ere handitu egin da denborarekin eta gero eta espazio gehiago eskainiko dizkigute epe laburrean.
Erosketak egin edo argia amatatu
Lehen aipatu dugunez, Gauzen Interneta eta honen aplikazioa eguneroko bizitzan, Smart Home-aren garapenarekin batez ere, hurrengo urtetan nabarmen haziko da.
Etxeko gailuen inguruan sekulako iraultza biziko dugu: jantziak garbitzeaz gain, hauek lisatu eta tolestuko dituen garbigailua (ikus hemen bideoa); erosketarako zerrenda egiten duten hotzgailua; jakietarako etiketa adimentsuak; telefono mugikorretatik urrutitik etxeko argiak eta berogailua kontrolatzeko aukera eta abar.
Urte gutxitan, etxeko tresna eta teknologiarekin daukagun harreman mota guztiz aldatuko da: aukera gehiago sortu eta lanak erraztuko zaizkigu.
Pasahitzak
Cyber Streetwisek ezagutzera eman duen ikerketa baten arabera, bataz beste gizaki bakoitzak 19 pasahitz erabiltzen ditugu, baina ia erdiak ez dira sendoak eta edonork asma ditzake.
Egun, pasahitzen garapenean joera biometria erabiltzea da eta gero eta erabiliagoa da mugikorretan, adibidez. Honi esker, hatz-marka digitalak, ahotsa edo aurpegiko ezagutza sistemek orain arteko pasahitzak ordezkatuko dituzte.
GPSa
Global Positioning System (GPS) edo Kokapen Sistema Globala iraultza bilakatu zen gizakiok espazioan kokatu eta gidatzeko moduan. Aurreikuspenen arabera, 2020an kotxe guztiek sistema hau fabrikaziotik ekarriko dute ezarrita eta, beraz, kotxeen GPSa alde batera utziko da.
Zer iruditzen? Gailu hauetako batzuen desagerpena jada barneratuta daukagu; baina beste batzuen kasuan oraindik harrigarria iruditzen zaigu, ezta?
Denbora daukazu oraindik ordezkatzen joateko eta apurka-apurka teknologia berriak erabiltzen ikasteko. Garai berriak datozkigu alor honetan eta gauza ikusgarriak ezagutuko ditugu, bai horixe!