Euskarazko liburu elektronikoak jasotzen dituen plataforma iritsi da gurera. Booktegik liburuak deskargatzeko aukera ematen du. Eta, gainera, dohainik! Euskarazko literatura gugandik gertuago eta eskuragarriago.
Sortzaileen esanetan, “euskal munduan dauden bi gabezia aukera bihurtu nahi ditu Booktegik”. Batetik, euskarak bere tokitxoa konkistatu behar duen beste esparru bat sortu da. E-liburuen munduan euskararen presentzia bermatu behar dela uste dute. Horretarako, liburuak gehien erabiltzen diren hiru formatu elektronikoetan deskargatzen ahalko dira.
Bestetik, merkatuan dauden liburu eta idazlanei bestelako bide bat eman nahi zaie irakurriak izan daitezen. Berriz ere, argitara ateratzeko, nolabait. Horrekin batera, lan berrientzako espazioa ere izanen da.
Liburuak nola eskuratu
Erabiltzaileak ez du zertan izena eman Booktegin, baina harpidetzeko aukera badago. Hauek plataformak dituen liburu berrien inguruko buletinak jasoko dituzte.
Irakurleak nahi duen liburuaren azalean sakatu eta fitxategia hiru formatu ezberdinetan aurkituko du: PDFa, MOVI eta iPub.
Liburuak nola argitaratu
Hasteko, testua info@booktegi.eus helbidera bidali beharko da. Kalitate-baldintzak betetzen baditu, weborrian eskegitzeko bertsioa prestatuko dute.
Behin argitaratuta, harpidedunek eta Twitter eta Facebookeko jarraitzaileek liburuaren berri izanen dute.
Zer aurkituko dugu Booktegin
Erreportajeak, literatura klasikoa, antzerkia, literatura garaikidea, itzulpen literarioak, poesia, filmak, kazetaritza liburuak edo musika bildumak aurkituko ditugu Booktegiren bildumean.
Plataformak, esaterako, Estitxu Zabalaren Emakumeak eta arrauna erreportajea azpimarratzen du, emakume arraunlariei buruzko monografikoa. Horrekin batera, literatura klasikoan Patxi Salaberriak egindako Axularren Geroren edizioa topa dezakegu: “Batetik, bisualki erakargarria behar zuen moldaketa berriak, oro har faksimila bezain nekezak gertatzen baitira begientzat kaleratutako edizio trinkotuak, eta, bestetik, egungo hizkuntza estandarrera ahalik gehien hurbilduaz paratua”.