Gurekin parte hartu nahi?

#Blogetan lehiaketa: Aisialdia kategoriako finalistak

Egunotan egiten ari dugun berrikuspenarekin jarraituz, hauek dira #Blogetan! Blog izarren bila lehiaketan aisialdia kategorian finalistak suertatu diren hiru blogak: Katxonderstango Errepublika, Tropela bloga eta Izparringia.

Hauetako bitan eguneroko berrien analisian ironia eta umorea dira nagusi. Hirugarrenak txirrindularitzari buruzko gaiak lantzen ditu.

Katxonderstango Errepublika

2013ko maiatzean jaio zen egitasmo hau. Eta helburua azaletik bertatik oso argi uzten du: “Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

Hemendik abiatuta… denetarik gerta daiteke gune honetan. Egunerokotasunari lotutako gaiak edo albiste izan direnak interpretatu eta ironiaz lantzen dituzte. Zentzurarik eta mugarik ez dago gune honetan, noski ezetz!

Egilea, Martin Kitto pertsonaia da, irratietan kolaborazioak egiten dituena ere: Martin Kittoren txokoa, eta, azkenaldian, Barretartian ere.

 

Tropela bloga

Blog hau lehiaketan zaharrena da, 2005eko ekainetik argitaratzen bai ditu txirrindularekin zerikusia izan ditzaketen artikulu interesgarriak. Blog honek ia 30 lagun blogari ditu eta eurak dira artikuluak argitaratzen dituztenak.

Hamaika gai ezberdin landu izan ditu blogak urte hauetan zehar, txirrindularitzaren ikuspuntutik abiatuta. Zaletasun hau maila gorenera eraman izan dute eta euskaraz burututako egitasmoa izanda, meritu handia lortu izan du hainbat leku ezberdinetako txirrindularitzazaleen artean ezaguna izatea lortuz.

 

Izparringia

Nahiko berria da Izparringia bloga, 2013ko martxoan jaioa. Egitasmo honek egunero albiste diren gaiak, euskal pertsonaiak, gertaerak eta abar hartu eta ironiaz eta umorez landutako albiste berriak sortzen ditu.
Webgunean argi adierazten denez, Izparringia.net euskarazko orainkari digitala da, umorea duena oinarri zein xede. Argitaratutako berri, albiste, artikulu, dokumentu, bideo edo dena delakoak ez du zertan bat etorri errealitatearekin.
Horrela, adibidez, enteratu ginen Maite Goñik erretiroa hartuko zuela eta Ratzingerrekin Castelgandolfora joango zela edo Euskal Herriko Slow Mugimenduak  Korrikaren aurka egin zuela, adibidez.

Egitasmo zabala da eta edonork dauka parte hartzeko aukera. Atal ezberdinetan dago antolatuta, gaiaren arabera eta sare sozialei ahalik eta etekin handiena ateratzen diete, hartu-emonak sustatzen.

 

Kategoria honetan zein izango den blog irabazlea, datorren martxoaren 6ra arte itxaron beharko dugu, Blogetan! Euskal blogarien topaketa jardunaldian jakin izango dugu.

Doako sarrera da, baina tiketak atera behar izan ditugu aretoaren edukierak baldintzatuta. Oraindik tiketak geratzen dira. Etorri nahi baduzu, atera lehen bai lehen.

 

 


Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu