Gurekin parte hartu nahi?

Blogetan! Euskal Blogarien Topaketa ospatu da Euskararen Etxean eta Blogetan! Blog Izarren Bila lehiaketako sariak banatu ere

Blogetan! lehiaketaren irabazleak

Azkue Fundazioak, Argia aldizkariaren laguntzarekin, Blogetan! Euskal blogarien topaketa ospatu du Euskararen Etxean. Euskal blogosferaren azterketa egin da eta Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako sari banaketa baita ere.

Euskararen Etxearen areto berria

Euskararen Etxearen areto berria

Jardunaldi hau Euskararen Etxean ospatu zen eta bide batez eraikineko areto berriak estreinatzeko aukera ezin hobea bilakatu zen. Euskararen Etxea berritu dugu eta bi areto berri batu dizkiogu eraikinari, euskararen inguruko jarduerak ospatu eta euskara gizarteratzen laguntzeko helburuarekin.

Blogetan! Euskal blogarien topaketa jardunaldia

Euskal blogosfera ardatz hartuta, atal ezberdinak izan ditu jardunaldiak: hitzaldiak; arlo ezberdinetako euskarazko zenbait blog eta blogarien esperientziak; euskarazko blogintzaren egoera ezagutzeko mahai-ingurua; eta, bukatzeko, Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako sari banaketa ekitaldia.

Hasteko hitzaldi nagusi bat izan dugu: Calvo Con Barba marketin arloko profesional ezagunak eman du, “Blogs: ¿carbón o diamante?” izenburu pean.

Bigarren atal batean euskal blogari eta arlo ezberdinetako blogen esperientziak ezagutzeko tartea izan dugu ere eta lau lan aurkeztu izan dira. Blog bakoitzeko arduradunek zuzenean kontatu digute zer nolako esperientziak bizi izan dituzten jarduera honetan.

Oier Peñagarikano eta Amaia Nicholsonek Topatu sarean blog bana bideratzen dute eta sare honetako ezaugarriak deskribatu dizkigute; ondoren, bakoitzaren blogak ezagutzeko aukera izan dugu.
Oier Peñagarikanok Itsumustuan blogasortu zuen Topatu sarean, bere hausnarketak jaso eta elektrizitatearekin lotutako truku eta eskulan ugari erakusteko plataforma.

Blogetan! Euskal Blogarien Topaketa

Blogetan! Euskal Blogarien Topaketa

Amaia Nicholsonen bloga Hazitegia da, Ibai Etxarterekin idazten duena. Blog honen ardatza lurra da, burujabetzaren oinarri gisa eta nekazaritzaren inguruan mintzatzen dira blogean. Beraiei esker, euskal nekazari gazteen bizimodua eta lana ezagutzeko aukera dugu.

31 eskutik talde blogaren ordezkari Iñigo Errasti izan dugu. Egitasmo honen izaera dela eta, bitxia iruditu zaigu eta jardunaldian agertzeko aproposa. EIZIEk abian jarritako bloga da, 2012ko urrian. Helburua, egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratu, xede gutxi-asko didaktikoz idatzia.
Eta 31 lagun dira hain zuzen ere bertan idazten dutenak. Bakoitzak hilean behin argitaratzen du bere lantxoa. Beraz, egitasmo bakarrean, 31 blogari. Gaiak anitzak, egileak bezala eta oso alor ezberdinetakoak.

Eta esperientzien tartearekin bukatzeko, Imanol Epelde etorri zaigu Etxepare RAPekin. Egitasmo berritzailea guztiz. Musika bloga da Etxepare RAP, baina berezia: kantuak euskal literaturako lan garrantzitsuetan oinarrituta daude, testu klasikoetatik eta gaur egunera arte. Horrela, Linguae Vasconum Primitiae, Bernat Etxepareren euskarazko lehen liburuaren hitzak izan dira egitasmo honen oinarria. Imanolek sorpresa eman digu bere aurkezpenerako eta zuzenean kantatu du bere Rap berezia.

Euskal blogosferaren inguruan elkarrekin hausnarketa egiteko aukera izan dugu baita ere, mahai-inguruan. Argiako kazetaria den Gorka Bereziartuak bideratu du mahai-ingurua eta bertan Nontzeberriko Juanra Madariaga, Marijo Deogracias, Maite Goñi eta Haritz Rodriguez izan ditugu. Laurak internet munduan eskarmentu handiko profesionalak dira eta blogen inguruko solasaldia izan dugu.

Eta bukatzeko, Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako sari-banaketa ekitaldia ospatu dugu.

Blogetan! lehiaketaren irabazleak

Blogetan! lehiaketaren irabazleak

Blogetan! Blog izarren bila lehiaketa eta sariak

Blogetan! Blog izarren bila ekimena ARGIA aldizkariarekin batera 2013ko bukaeran bideratu genuen lehiaketa izan zen.

Lehiaketaren helburua blogari euskaldunak piztea izan da eta haien lanari oihartzuna ematea. Horretarako, egiten duten lana saritu da blogaririk onenak aukeratuz.

Blogetan.com webgunearen bidez bideratu zen lehiaketa. Edonork parte hartzeko aukera izan zuen eta publikoak zeresan handia izan du, atsegin izan dituen blogak bozkatzeko aukera izan duelako lehen fase batean eta horrela finalistak aukeratzen parte hartu.

Lau kategoriatan egituratu da lehiaketa eta hauetako bakoitzeko hiru blog finalistak aukeratu izan dira, publikoaren bozketa eta epaimahaiaren iritziaren artean erabakia hartuz: Kultura arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika … ); gizarte eta Politika arloa (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea … ); aisialdiarekin erlazionatutako gaiak (zaletasunak, kirola, bidaiak  … ); eta zientzia eta teknologia arlokoak (natura, osasuna, arkitektura , informatika … ).

Guztira 115 blogek izena eman zuten lehiaketan. Bost sari banatu izan dira guztira: kategoria bakoitzeko blogarik onenari eta bosgarren sari berezi bat, blogari berriaren saria: Argia aldizkariaren saria da hau eta 2013an zehar sortutako blog berri bati eman zaio.

Bernat Vidalek egindako garaikurrak

Bernat Vidalek egindako garaikurrak

Sariei dagokionez, bostek Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat bereziki diseinatutako garaikur artelan bat jaso dute. Kategoria bakoitzeko lau irabazleek 200 eurotako diru-txeke bana jaso dute baita ere. Eta blogari berria sariaren irabazleak, garaikurrez gain, Argia aldizkariko blog sarean kolaboratzeko aukera izango du eta aldizkariko urte batetako harpidetza izango du ere.

Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako irabazleak
Hauek izan dira Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako bost irabazleak:

Irabazlea: KLAK… eta (Iñaki Gauna)

Klak eta... bloga

Klak eta… bloga

Iñaki Gauna da blog honen arduraduna. Eta lehiaketan parte hartu izan duen historia gehien duenetarikoa, 2007ko maiatzean sortu baitzen.

Zinemari buruzko bloga da hau eta lehiaketako sorpresa izan da. Arte mota honen inguruko informazioa, bitxikeriak, istorioa eta jakintza osoa zabaltzen du. Honen barruan, denetarik: kritikak, agenda, iruzkinak … eta baita zinemagintzarekin lotutako esparru ezberdinetarako tartea: liburuak, zinemaldiak, kartelak, zine-musika…

Iñakiren esanetan, terapia-gunetzat dauka batik-bat bloga. Eta esan behar da terapia ona egiten duela, daukan jakintza osoa zabaltzen duelako eduki interesgarriz.

Blog hau gazteleraz eta euskaraz landuta dago eta zineklub ezberdinen informazioa zabaltzen da ere bai.

Irabazlea: Arma, tiro, klik (Amaia Lekunberri)

Arma Tiro Klik bloga

Arma Tiro Klik bloga

Arma tiro klik Argia sareko blogetako bat da, Amaia Lekunberriren egitasmo pertsonala. Nahiko egitasmo berria da, 2013ko urrian hasi zena.

Amaiaren proposamena ezberdina da, fotokazetaritza egiten baitu blog honetan. Baina modu berezian: Amaiak iritzia izatearen eskubidea aldarrikatzen du eta egia bakarra ez dagoela. Bere artikuluen bidez askotan saldu nahi diguten egia bakar horri aurre egiten dio eta beste ikuspuntu bat aurkezten digu.

Beraz, berri, gertaera edo egunerokotasunari lotutako argazki batez baliatuta, bere ikuspuntua adierazten digu Amaiak. Gai nagusiak, gizarte osotasunean, feminismoa eta musika. Argazki guztiek karga kontzeptual nabarmena izaten dute eta blogaren oinarria dira.

                Irabazlea: Tropela bloga (Tropela taldea)

Tropela bloga

Tropela bloga


Blog hau lehiaketan zaharrena da, 2005eko ekainetik argitaratzen baititu  txirrindularekin zerikusia izan ditzaketen artikulu interesgarriak. Blog honek ia 30 lagun blogari ditu eta eurak dira artikuluak argitaratzen dituztenak.

Hamaika gai ezberdin landu izan ditu blogak urte hauetan zehar, txirrindularitzaren ikuspuntutik abiatuta. Zaletasun hau maila gorenera eraman izan dute eta euskaraz   burututako egitasmoa izanda, meritu handia lortu izan du hainbat leku ezberdinetako  txirrindularitzazaleen artean ezaguna izatea lortuz.

Irabazlea: Euskalnatura (EuskalNatura taldea)

Euskalnatura bloga

Euskalnatura bloga

EuskalNatura hainbat naturzale gaztek 2006an sortu zuten. Gaur egun ia arlo ezberdinetan diharduten 52 lagunez osatutako taldea da eta helburuak bi ardatz nagusitan oinarritzen dira: Euskal Herriko natura eta natur zientziak jende guztiaren eskura jartzea eta zabaltzea eta euskaraz izatea.

EuskalNaturako hainbat kidek, bestalde, Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziak saila dinamizatzeko ardura dute, eta zenbait jarduera elkarlanean antolatzen dituzte, ondorioz, UEUko Natur Zientzia sailak eta EuskalNatura taldeak. Blog honek oso egitura zabala dauka: erreportajeak, agenda, gaien araberako sailkapena, baliabideak …

  • Blogari berriaren saria
    Argia aldizkariak blogari berriaren sari berezia eman du baita ere, 2013an zehar sortutako blog berri bat saritzeko asmotan. Irabazle honek Bernat Vidalen garaikurraz gain, urte osorako Argiaren harpidetza izango du eta aldizkarian kolaboratzeko aukera emango zaio.

Blogari berriaren sari hau Gaizka Izagirrerentzat izan da. Bere bloga 2013ko uztailean jaio zen Ikusi makusi…zer ikusi? zinemari buruzko bloga. Zinemagilea da Gaizka eta bere blog honetan, berriak, bitxikeriak eta munduko zinemagintzari buruzko gaiak lantzen ditu.

Ikus Makusi zer ikusi? bloga

Ikus Makusi zer ikusi? bloga

Azkue Fundazioaren balorazioa

Azkue Fundaziotik balorazio oso ona egiten dugu, bai lehiaketa eta bai jardunaldiari dagokionez. Hemen ekitaldiaren argazki guztiak dituzue.

Lehiaketak harrera oso ona izan zuen eta parte hartzea nabarmena, 115 blogen izena jaso zela. Webguneko plataforman 1.200 erabiltzaile baino gehiagok eman zuten izena bozkatu ahal izateko.

Gai eta arlo oso ezberdinetako lanak aurkeztu izan dira eta helburua lortu dugula uste dugu, blogak ezagutzera ematea, euskarazko blogak nabarmentzea eta egun edozein gai lantzen dela erakustea eta blogari hauen lana azpimarratzea.

Eta jardunaldiari dagokionez,  jende ugari hurbildu zen Euskararen Etxera eta giro oso onean ospatu genuen. Hitzaldi interesgarriak, esperientziak zuzenean ezagutzeko aukera eta euskal blogosferaren egoera irudikatu genuen guztion artean.

Euskararen Etxeko areto berria estreinatzeko modu ezin hobea!

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkin bat

Iruzkina idatzi nahi baduzu