Blogintza

Blogen inguruan hautsi behar ditugun zenbait mito

Blogintzaren inguruan hainbat mito daude eta batzuetan ematen du adituek bakarrik sor dezaketela blog bat. Edo ezagutza berezi bat behar dela blog batean idazteko. Blogak, batez ere pertsonala denean, barruak askatu, gogoetak egiteko eta abar balio dezake. Apur ditzagun blogen inguruan dauden mito horietako batzuk!

bilaketak

Blogintza mitoz josia dago. Batean idazteko izan behar den ezagutza maila dela, edo gaur egun bisitak erakartzeko dagoen konpetentzia izugarria dela, batzuetan gaiaz gehiegi ez dakien batek pentsa dezake blog batean idazteak fisikako formula bat ikertzearen parean dagoela. Baina ez. Beldurra kendu behar da eta polita izan daitekeen jarduera honi ekin. Zerbait esateko baduzu zergatik ez duzu egingo? Blogintza ikasketa prozesua ere bada eta bilakaera egingo duzu.

Mito horietako batzuk aukeratu eta horien inguruan gogoeta egin nahi dugu. Askoz gehiago egongo dira, baina behintzat hauek hausten saiatuko gara. Konbentzitu zaitez eta animatu zure bloga sortzen!

1. Gai bati buruz idazteko horretan aditua izan behar zara

Bai eta ez. Blog bat sortzen duenak gai bat aukera dezake horretan benetan aditua delako edo beste arrazoi ugariengatik: gaia atsegin duela; aditua ez delako baina bai ikasteko grina izanda ikasitako hori blogean jaso nahi duelako; enkarguz egiten duelako…

Beraz, ezin da esan aditua izan behar denik. Bai, ordea, idazten denari buruz ikertu behar dela.

Bestalde, egun hainbatetan aipatzen den edukien zaintza hori badago: sarean informazio ugari dago, gehiegi batzuetan eta benetan ekarpena egiten duena eta beharrezkotzat jotzen dena informazio guzti horren aukeraketa egokia, antolaketa, bilketa eta modu errazean ezagutaraztea da.

2. Artikulu luzeak hobeto

Batzuetan artikulu luzeak errazago lortzen dute bilatzaileen lehenengo lekuetan kokatzea. Baina argi esan behar dugu edukiaren egokitasunak baldintzatzen duela hau. Artikulu bat luzatzeak, hitz egokiak ez baditu, ez du ezertarako balio; soilik irakurlea aspertu eta blogetik irtetzera bultzatzeko.

Argitalpenetarako maiztasunari dagokionez, hobeto da jarraikortasun batekin egitea, batez ere hasieran. Horrela irakurleari eduki sorta ugaria eskainiko diogu baita ere. Baina honek ez du esan nahi egunero zerbait argitaratu behar denik. Astean behin edo birritan eginda nahikoa izan daiteke.

3. SEOan pentsatzen idatzi behar da

SEOa, ingelesezko Search Engine Optimization-ak, bilatzaileetako emaitzetan era naturalean web gune edo orri baten ikusgarritasuna hobetzeko prozesuari esaten zaio. Gero eta garrantzi handiagoa dauka, bilatzaileetan lehenengo postuetan agertzeak hartu duen beharragatik eta dagoen konpetentzia eraginda.

SEOak garrantzi handia dauka, baina ez dugu ahaztu behar irakurle batentzat idazten dugula. Posizionamendurako irizpideak eta baldintzak zainduko ditugu, artikuluen arlo desberdinetan: izenburua, azpititulua, etiketak, kategoriak…

Baina ez du baldintzatu behar idazkia bera eta idazteko estiloa. Testua argia eta irakurterraza izan behar da.

bloga

4. Eduki guztiek derrigorrez irudia eta bideoa eduki behar dute

Ikusentzunezko baliabideek indar handia daukate, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez artikulu guztietan irudi edo eta bideoak txertatu behar direnik. Mota honetako baliabideak ekarpena eta edukiari laguntzeko baliozkoak direnean erabili beharko lirateke.

Beraz, artikuluaren arrakasta ez da testua edo ikusentzunezkoa den arabera neurtzen. Itxura, forma eta fondoa osagarriak izan behar dira.

5. Edukia kalitatezkoa bada, bisitak bakarrik helduko zaizkizu

Badaude sarean hainbat artikulu txukun eta eduki interesgarria dutenak baina ez dituztenak bisita askorik lortu. Egileek ere ez dute sarritan ulertzen zergatik batzuetan eduki batek arrakasta lortzen duen eta bestetan ez duen inork klik egiten. Konpetentzia izugarria dago gaur egun.

Beraz, egileak bere lana sustatu behar du eta jarraitzaileen artean bere edukiak zabaldu. Aldi berean, hauek ere eduki horiek euren sareen bitartez sustatu dezaten, blogak baliabide egokiak eskaini behar ditu. Biralitatea bilatu behar da.

6. Helburua, ahalik eta bisita kopuru handiena lortu

Zure blogeko helburu nagusia bisitak lortzea da? Helburu bakarra? Baliozko irakurleak nahi badituzu, bisitak baino, hobeto zure blogean irauten duten denbora luzea izatea da. Zure blogean sartu eta berehala joaten den irakurlea ez dizu ezertarako balio; horrek ez dizu ekarpenik egingo eta bisita hutsa izango da.

Beraz, hobeto kalitateari garrantzia ematea, kopuruari baino.

 

Beste baieztapenik geratu zaizu argitu gabe? Proposatu eta landuko dugu.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu