Berrikuntza teknologikoak Blogintza

Nola asmatu blogeko artikuluaren izenburua jartzeko?

idazten

Blog batetan lan egiten dugunean akaso egiteko garrantzitsuenetako bat artikulu bakoitzaren izenburua jartzearena da. Publizitatearen leloa balitz bezala hartu beharko genuke. Izenburuaren arabera, erabiltzaileak gure artikulu horretan sakatu edo ez, irakurri edo ez, erabakiko du. Beraz, zeregin erabakiorra esku artean duzuna.

Ondo pentsatuta, lehenengo laupabost hitz horien arabera zure artikuluak izango dituen bisita kopurua erabakiko da. Irakurlearen arreta deitu behar du izenburuak. Baina, nola lortu?

Hemen doaz gomendio batzuk, atalez-atal. Zeregin batzuk artikuluaren titulua jarri aurretik egin beharrekoak dira; beste batzuk, ostera, argitaratzeko unean egitekoak. Kontutan izan ideiak eta gomendioak besterik ez direla; gure esperientziatik abiatuta, zuekin partekatzen ditugunak.

Artikuluaren izenburua erabaki baino lehen egin beharreko lanak:

  • Artikuluaren gaia erabaki. Ez hasi idazten gaia ondo finkatu gabe. Bestela, ez duzu asmatuko.
  • Idazten hasten zarenean, behin-behiniko izenburu bat jarri. Horrek, ideiak emango dizkizu gaia lantzeko eta idazketarako. Gero aldatzeko aukera izango duzu.
  • Gaia landu eta adierazi nahi duzun guztia idatzi artikuluan. Idazten zauden bitartean izenbururako ideiak okurrituko zaizkizu; buruan izan edo apuntatu.
  • Behin artikuluaren idazketa bukatuta duzunean, irakurri osorik, ondo errepasatu eta orain bai, izenburu egokia eta behin-betikoa idazteko unea iritsi zaizu. Agian ideia batzuk izango dituzu buruan.

Eta izenburua idazteko unean, zer izan behar da kontutan?
  • Bilatzaileetarako landu izenburua: bilatzaileetan posizionamendu egokia lortzeko egin beharrekoak zaindu: hitz klabeak ager daitezela izenburuan, oso luzea ez izatea, karaktere berezirik ez erabili…
  • Trukutxo bat, honetan pentsatu: artikulu hori irakurrita, zein izango litzateke zuri gustatuko litzaizukeen izenburua? Beste blog batzuetako artikuluak ikusten dituzunean, zerk erabakitzen du irakurtzea edo ez? Zeintzuk dira atseginenak edo interesgarrienak?
    Mota ezberdinetakoak daude: galdera bat botatzea, jakin-mina pizten duen ideia bat plazaratzea, erantzunik gabeko esaldi bat izatea…
  • Izenburua eta edukia erlazionatuta joan behar dutela gogoratu. Lelokeria ematen du baina batzuetan, idazten hasten garenean, aurreikusitako gaia edo edukia guztiz aldatu egiten dugu.
  • Eta bestalde, kontutan izan irakurlearen atentzioa deitu behar duzula, baina inoiz ez gezurretan ibili eta iruzurtu.
  • Sare sozialek duten eragina kontutan izan: seguruenik, idatzi duzun sarrera hori sare sozialetan zabaldu nahi izango duzula; edo beste batek zabaltzea sustatu nahi duzula. Beraz, zeregin honetarako lana erraztu behar duzu. Hemen gomendio batzuk:
    • Izenburu laburrek Twitterren zabaltzeko lana erraztuko dute: 140 karakteretan aipamena, izenburua eta akaso iruzkinen bat sartu beharko litzateke.
    • Pentsatu txio batetan irakurriko dela zure artikuluaren izenburua. Nolakoa izan beharko litzateke zure arreta deitzeko eta horretan klik egiteko?
    • Izenburuaren lehenengo bi edo hiru hitzek deigarriak izatea komeni da.
    • Beste trukutxo bat: url-ak mozten dituzten baliabideak erabili. Horrela karaktereak aurreztuko dituzu Twitterren zabaltzerako orduan. Hemen horrelako erremintetako batzuk: Bit.ly, Ttiki (euskaraz dago), Google url shortener edo Ow.ly.
Idazten hasten zaren heinean eta praktika hartuta, apurka-apurka izenburuak arinago asmatzen hasiko duzu. Baina gogoratu artikulu baten izenburuak daukan garrantzia: honek erabakiko du azken finean zure idazlanaren sustapena eta irakurtze kopurua. Artikuluaren arrakasta, azken finean.

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu