Blog baten idazten hasteko asmotan zabiltza? Urte berrian lan horri ekiteko asmoa daukazu eta zure lana, zaletasun edo ametsei buruz idaztea gustatuko litzaizuke? Edo agian soilik ikasteko, lana bilatzeko edo arlo profesionalerako erabil zenezake…
Inoiz pentsatu duzu blog bat sortu eta osatzea baina ez dakizu nondik hasi? Bultzakada bat behar duzu?
Agian oraindik ez dakizu Argia aldizkariarekin batera Blogetan, blog izarren bila lehiaketa antolatu dugula. Lehiaketa honetan euskarazko blog onenak sarituko ditugu eta blogari berriaren saria emango dugu ere. Beraz, hau izan daiteke behar duzun motibazioa.
Eta zertaz hitz egin ez badakizu, hemen lagunduko zaitugu ideia batzukin: zaletasunik baduzu? zerbait egiten nabarmentzen zara? Hau izan zitekeen abiapuntua. Animatu eta idatzi egiten dakizun horri buruz! Partekatu zure ezagutza eta beste batzuekin harremanetan hasi gehiago ikasteko.
Edo bestela, blog petsonala bat idatzi. Ez dakizula zeri buruz? Zer gerta daiteke interesgarria besteontzat? Lana bilatzeko modua izan daiteke. Garai digital hauetan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio norberaren irudi digitalari eta hautaketa prozesu baten erabakiorra gerta daiteke.
Alfonso Alcántarak (@Yoriento) maiz esaten du gaur egun blog bat ez duena “etxegabeko digitala” dela. Eta norberaren marka sortzea ezinbestekoa dela, batez ere lana bilatzeko orduan.
Baina… zergaitik eta zertarako izan dezakezu blog pertsonal bat?
Hemen arrazoi batzuk:
- Onlineko ospea: Bloga guztiz zabala da, edonork sor dezake bat eta askatasun osoz idatzi bertan. Zure irudia saltzeko modua izan daiteke, zure erara eta zure estiloan. erakutsi hain ongi egiten dakizun hori! Berdin dio zer den, baina ondo azaldu.
- Norberaren marka: gai bati buruz nahikotxo kontrolatzen baduzu edo eskarmentua baduzu, bloga erakusteko modurik erraz, merke eta zuzenena da. Lana bilatzen bazaude zure kurrikulumaren luzapena izan daiteke. Eta jada lana baldin baduzu, honi buruz dakizun guztia azaltzeko bidea izango da.
- Bloga zure eremua izango da: zuk erabakiko duzu askatasun osoz zer eta noiz argitaratu. Hemen zu izango zara jabe bakarra eta editorea. Erabakitzeko aukera izango duzu guztiz.
- Harreman digitalak: blogari esker harreman digital ugari sortu eta osatuko dituzu. Ezagutza partekatu, gai bati buruz interesatuta dauden beste erabiltzaile batzuekin lotura izateko aukera izango duzu eta beste modu batez agian lortu ezinezko harremanak izan.
- Etengabeko ikasketa da bloga: blogarekin egunero gauza berriak ikasteko aukera izango duzu. Mundu digitala jakintzarako gunea da.
Konbentzituta? Orduan anima zaitez eta hasi gaiari buruz pentsatzen! Hurrengo artikulu baten nola egin behar den erabakitzeko ideiak emango dizkizugu.