Blogintza

Blog bat idazten hasi nahi dut. Baina nondik hasiko naiz?

blog-bat-idazten-hasi

Ados, blog bat idazteak onurak ekar ditzake, bai arlo pertsonalean eta bai profesionalean, autonomoa, enpresa txiki zein handi batentzat. Horretaz konbentzituta, blog bat sortuko duzula erabaki duzu. Baina nondik eta zelan hasi? Gaurkoan zenbait gomedio; hasi aurretik kontuan hartu beharreko horietakoak…

blog-batean-idazten-hasi

Aurreko artikulu batean blog bat idaztearen onura eta idaztearen zergaitiaz aritu ginen. Horretatik abiatuta, konbentzituta bazaude, agian beste zalantza ugari sortu zaizkizu.

Zelan hasi? Nondik hasi?

Gaurkoan gomendio batzuk eskainiko dizkizugu, bloga sortu aurretik aztertu beharko zenituzkeen arlo batzuei buruzkoak.

1. Zein izango da zure irakurlea?

Zure blogaren irakurle ideala irudikatu behar duzu zure buruan. Nori zuzenduko dizkiozu zure edukiak? Nolakoa gustatuko litzaizuke izatea zure irakurlea?

Zure blogak helburu bat dauka, jarraitzaile eta irakurleak lortu nahi dituzu. Norbaitentzat idatziko duzu, ezta? Nolakoa nahi duzu izatea norbait hori?

Irakurle ideal hori irudikatuta daukazunean, errazagoa bilakatuko zaizu edukiak asmatzea, gaiak pentsatzea.

2. Gaiak aztertu; zer gustatuko litzaioke irakurle ideal horri irakurtzea?

Behin zure blogaren jarraitzailea nolakoa izatea pentsatuta daukazula, zein gai interesatuko zaizkion hausnartu behar duzu.

Gaien zerrendak egin, aktualitate eta uneko berrietara adi egon.

3. Ideiak okurritzen zaizkizunean? Zerrendan apuntatu!

Badakizu ezin duzula edozer gauzari buruz idatzi. Horretarako eman dituzu aurreko pausuak eta gaien zerrenda osotu duzu.

Baina baliteke ideia berriak sortzea bidean. Batzuetan ideia horiek nahigabe, ez ustean eta beste baten harira sortuko zaizkizu. Oso erraz ahaztu edo galdu daitezke sortze prozesu horretan. Horregatik, burura datozenean, apuntatu; ez galdu! Agian artikulu txukun baten oinarria izan daitezke.

blog-batean-idazten-hasi

4. Artikulu bakoitzean, ideia zehatz bat azaldu

Hau gomendio praktikoa da: artikulu bakoitzerako helburu eta mezu bat eta gako-hitz bat ezarri.

Batzuetan, idazketa lanari ekiten diozunean, hainbat azpigai eta kontzeptu sortuko zaizkizu bidean. Baina idazten hasi baino lehen, finkatu artikulu horretan zehaztu nahi duzun mezua eta kontuan izan.

Beraz, ez nahastu gai ezberdinak artikulu bakarrean: horrela hartzailea nahastuko duzu baita ere. Bidean sortu zaizkizun ideia horiek zerrendara eroan berriro ere.

Ikusten duzunez, batzuetan prozesu ziklikoa bilakatzen da.

5. Artikuluaren egitura landu idazten hasi aurretik

Idazten hasten bazara idaztearren, norabide zehatzik gabe, azkenean testua hitzen korapiloa bilakatuko da. Artikuluak idaztea ez duzu planteatu behar edukien produkzio amaigabe bat bezala. Horrela lan egiteak ez dauka zentzurik eta askoz nekagarriagoa bilakatuko zaizu.

Eta bai irakurleek eta bai interneteko bilatzaileek ez dute hori baloratuko. Baliozko edukiak eskaini behar dituzu.

Horregatik, zure artikuluak idazten hasi aurretik, ondo zehaztu beharko duzu nola idatziko dituzun.

Hemen horretarako gako batzuk:

  • Artikuluaren izenburuaren zirriborroa idatzi. Ideia nagusia izan daiteke eta gero aldatu dezakezu edo estiloa landu, baina hasteko oinarria izan daiteke.
  • Idazkian zehar landu nahi izango dituzun ideia nagusiak finkatu, laupabost puntutan.
  • Horren ondoren, edukia ondo azaltzeko ideia nagusi horiek azaltzeko landuko dituzun beste bi-hiru puntuak.

Horrela ez zara idazten hasiko norabiderik gabe eta ibilbidea aurretik markatuta izango duzu.

6. Hurbiltasuna adierazi

Blogak zure barruak askatu, nolakoa zaren adierazi eta erakusteko aukera emango dizu. Eta puntu honetara heldu bazara, jarraitzaileekin harreman bat ezarri nahi duzulako da.

Zure idazkiak ez dira, beraz, inpertsonalak eta hotzak izan behar, agentzia bateko prentsa-oharrak balira moduan. Blogak idazmenaren bidez elkarrizketa sortzeko aukera ematen dizu.

Zu zaren modukoa zarena, horrela agertu: zure nortasuna, zure mintzatzeko modua, zure pentsamoldea. Eta bide batez, zure gaitasunak agertzeko baliabidea bilakatuko zaizu bloga: dakizuna, ezagutzen dituzun gaietaz idazteko, zure jakintza partekatzeko.

Bloga zure nortasun digitala osatzeko tresna bilakatuko da.

blog-batean-idazten-hasi

7. Jarraitzaileari zure artikuluen irakurketa erraztu

Irakurleak, zure blogaz gain, beste hamaika jarraitzen ditu. Zergatik hartuko ditu minutu batzuk zureari tartea eskaintzeko? Interesgarria iruditzen zaiolako. Eta interesgarria dela pentsarazteko, bere atentzioa deitu behar duzu.

Hau lortzeko hemen dituzu gomendio batzuk:

  • Izenburua erakargarria izatea.
  • Azpitituluak interesa piztea.
  • Parrafoak ez izatea luzeegiak.
  • Azalpenak emateko zerrendak egin.
  • Esaldi bakarreko parrafoak egin.
  • Estekak, bai zure blogaren beste edukietara eta bai beste gune batzuetara.

 

Kontuan izateko beste ohar bat: interneten, irakurleek irakurri baino, eskaneatu egiten dugu. Beraz, eskaneo hau erraztu behar duzu: ez izatea testu monotonoa itxura aldetik.

8. Hasieratik aukerak aprobetxatu: aukeratuko duzun izenburuan arreta jarri

Horrela da; irakurlea izenburuarekin konkistatu behar duzu. Hor dago klik egin eta zure artikuluaren edukia zabaldu eta paso egitearen arteko aldea.

Beste hamaika edukiekin lehian zaude, bai doakoak direnak eta ordainpeko publizitatearen bitartez bilatzaileen lehenengo postuetan kokatzen direnak baita ere.

Beraz, zure irakurle potentzialaren begietara heltzen den lehenengo inpaktoa hori izango da: artikuluaren izenburua; eta ezin duzu aukera hori galdu.

Irakurleak hiri segundu baino gutxiagotan erabakiko du ea zure izenburuan klik egingo duen edo ez.

Beraz, irakurle horren atentzioa deitzeko, zure artikuluaren titularra edo izenburuak ideia hauek bildu beharko lituzke:

  • Zer eskaintzen dit? Onura bat adierazi.
  • Gaiak interesa dauka niretzako une honetan?
  • Hitzak eta aditzak ondo aukeratu: ekintza, pasioa adierazten dituzten aditz eta adjetiboak atentzioa deituko dute.

Adibide batzuekin praktikan jarriko dugu guzti hau?

Pentsatu une batez hemen agertzen diren izenburu hauetan:

  • Euskal Herriko musikari onenen zerrenda ikusi.
    Ados, badakigu gutxi gora behera zeri buruz izango den artikulua.
  • Euskal Herriko musikari onenak: harrituta geratuko zara lehenengo postuetan zeintzuk dauden dakizunean!
    Askoz erakargarriagoa.

Edo beste hau:

  • Errenta aitorpena egiteko aholkuak.
    Informatiboa bada, badakizu zeri buruz den.
  • Errenta aitorpenean gutxiago ordaindu nahi? Hemen jarraitu beharreko aholkuak.
    Zalantzarik gabe honetan sakatuko zenuke.

blog-bat-idazten-hasi

9. Eta bukaeran? Hurrengo ekintza proposatu behar diozu.

Irakurlea konkistatu eta zure artikuluaren bukaeraraino heldu bada, beste zerbait eskaini beharko diozu; eta bide batez egitea proposatu baita ere.

Adibidez:

  • Erlazionatutako beste eduki batzuen zerrenda.
  • Iruzkina idaztea.
  • “Atsegin dut” egitea.
  • Artikulua sare sozialetan partekatzea.
  • Zure buletina jasotzeko izena ematea.

Eskatu nahi diozun hori idatzi behar duzu, argi eskatu eiozu zer nahi duzun berak egitea. Eta horretarako baliabideak erraztu: ekintza erraza eta egiteko azkarra izatea.

10. Hasierarekin bukatzearen artea

Zure artikuluaren sarrera erabaiorra da. Irakurriko den lehenengoa izango da. Irakurleak atsegin ez badu, ez du aurrera jarraituko. Beraz, arreta jarri behar da hau sortzerakoan.

Sarrera ahalik eta erakargarriena sortzeko gako bat: bukaeran idaztea, behin artikulu osoa idatzita daukazunean.

Horrela, mamia sintetizatu eta toke bikaina idazteko baliabideak izango dituzu.

11. Blog batean idaztea benetan itzela da!

Emaitza zoragarria da, baina hau lortzeko gauza bat beharrezkoa da: praktika. Lana da, zalantzarik gabe, egunez egun hazten doana, emaitzak lortzen dituena.

Baina praktika eta ekitea ezinbestekoa da. Edozein beste jarduera moduan, errepikatzea, ekitea eskatzen du.

Artikulu bakoitza erronka berria bezala planteatu. Aukera berri bat.

 

Laburbilduz, praktika polita da blog batean idaztearena. Ez da akademikoegia eta sarritan dibertigarria suerta daiteke.

Ekin eta ekin, hor dago gakoa.

Eta landutakoa jarraituz, badakizu, artikulu hau atsegin izan baduzu edo praktikoa iruditu bazaizu, zabaldu eta sare sozialetan partekatu! Mila esker!

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu