Berrikuntza teknologikoak

Bilboko Udala aplikazio mugikor bat lantzen ari da emakumezkoei segurtasuna emateko eta erasoak ekiditeko

Bilboko Udalak ia urtebete darama aplikazio mugikor bat lantzen, Bilboko emakumeei segurtasuna emateko eraso bat egonez gero. Aplikazio hori Bilboko idiosinkrasiara egokitzen ari da eta abuztuan izango da erabilgarri.

 

Abuztuan, App Store-n eta Play Store-n izango da eta doan jaitsi ahal izango da, Androiden eta iOSen, “AgreStop/EraStop” izenarekin. Erasoak ekiditeko plataforma bat da. Lehenik eta behin Bilboko emakumeentzat pentsatu da baina aurrerago herritar guztiengana zabaldu nahi da. Oraindik probako azken fasean dago, indarkeria matxista jasan duten emakume talde baten eta Bilboko emakumeen elkarteen laguntzarekin.

Aplikazioak funtziona dezan, datu pertsonalak sartu behar dira interesdunaren telefono mugikorra geolokalizatzeko. Botoi bat sakatuz, abisuak Udaltzaingoaren koordinazioko zentroan zuzenean jasoko dira. Ez dago deitu beharrik. Aplikazioaren bitartez berehala abisatzen da eta Udaltzaingoaren esku-hartzea modu automatikoan jartzen da abian, mugikorrak erakusten duen lekura joateko. Horixe da aplikazio honen balioetako bat, berehalako abisua deirik egin barik. Horrela, erasoa jasaten ari den pertsonak errazago eman dezake abisua.

Aplikazio honek hiru funtzionaltasun dauzka:

  • Eraso bat jasaten ari naiz. Larrialdietako botoia da. Botoi hori sakatzen duenak berehalako seinale bat bidaliko dio Udaltzaingoari bere geolokalizazioarekin. Horri esker, agenteak laguntza ematera joan ahal izango dira azkar batean.
  • Salatu eraso bat. Edozein indarkeria-ekintza ikusten duenak salatu egin dezake. Aukera horrekin, alerta bat bidaliko zaio poliziari hark esku har dezan. Alerta horretan erasoaren kokapena geolokalizatzen da.
  • Etorri nirekin. Aldez aurretik, norbere kontaktuetan adierazi behar da nor izango den laguntzailea. Erabiltzailea etxera doan bitartean, laguntzaileak mapa birtual batean ikusiko ditu haren urratsak. Uneren batean erabiltzailea bidetik aldendu edo ez duela aurrera egiten ikusten badu, laguntzaileak Udaltzaingoari dei diezaioke.

Aste Nagusia bukatzen denean, aplikazioaren eraginkortasuna eta lehen fasean lortutako emaitzak aztertuko dira. Gero, herritar guztiengana zabaldu nahi da, arriskuan egonez gero edo eraso bat ikusiz gero abisatzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, hobekuntzak sartu nahi dira, adibidez eskumuturreko bat erabiltzea telefonoko aplikazioarekin batera.

Hau ez da jaietarako soilik sortutako aplikazioa, herritarrei Udaltzaingoarekin zuzenean kontaktatzeko aukera emango dion tresna bat da, beti eta zerbitzu publiko modura.

[Hona hemen, Durangoko Udalak bere garaian, abian jarritako aplikazioaren eredu grafikoa]

eraso-stop

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu