Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, herritarren % 25,3k erabiltzen dute euskara era trinkoan lankideekin; langile publikoen % 28k batez ere euskaraz hitz egiten dute beren lankideekin, eta beste % 14k hizkuntza biak antzeko proportziotan erabiltzen du lankideekin. Azken urteotako esperientziak eta Bikain ziurtagirien proiektuak erakutsi dute enpresa eta entitate pribatuen euskararen aldeko apustuak sekulako ahalmena duela euskararen erabilera lan-munduan indartzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,6 milioi euro inbertituko ditu aurten euskara lan-munduan sustatzeko.
Euskara lan-munduan sustatzeko bidean, Bikain da Eusko Jaurlaritzaren programarik ezagunena. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak 10 urte bete ditu esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatuz, eta tresna eraginkorra izan da hori aitortzeko. Iaz, ziurtagiria lortzeko exijentzia maila igo egin zen, eta honek erakunde publiko eta pribatuek euskarekiko duten konpromisoa are gehiago nabarmendu du.
Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeek euskara bikaintasunarekin lotzea ahalbidetu dute, euskal komunitatea sendotuz eta etengabeko hobekuntzari bide emanez. Iaz aldaketa batzuk sartu genituen Bikain entitate publikoen artean heda zedin, eta oraindik ere bada erronka nagusietako bat (60 entitate publikok dute Bikain). Horrekin batera, sektore gehiagotara hedatu nahi dugu Bikainen aldeko apustua, euskararen aldeko apustua; hala nola, turismoarena, merkataritzarena edota teknologia berriena.
Hamarkada honetako ibilbidea ikustarazteko zabalkunde-estrategia baten barnean bideo eta dossierra egin dira, EAE-ko mila erakunde publiko eta pribatuetara hedatuz. Horrez gain, #Bikain10urte hashtag-a sortu da, sareetan ere bideoa zabalduz. Bideoan, honako erakundeetako ordezkariek hartu dute parte: Gotzon Juaristi Cikautxoko Lehendakariak; Ana Urkiza Bankoako Giza-baliabideetako arduradunak; Mireia Artetxe Aquarium-eko Kudeaketa-sistema arduradunak; Marisol Alza Bidelaneko Antolakuntza eta Giza-baliabideetako zuzendariak; eta Mikel Ander Zubizarreta Aulestiko alkateak.
Bikain Ziurtagirian bereziki aipagarria da ebaluatzaileek egiten dute borondatezko lana. Ebaluatzaileen klubean jada 666 profesionalek parte hartzen dute eta euren ardura da erakundeen kanpo ebaluazioa egitea, Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aintzat hartuta.
Eusko Jaurlaritzak 2008an sortutako ziurtagiri ofiziala da Bikain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen du, eta eginkizun horretan hasieratik izan du Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakunde hauen atxikipena: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiak, EUDEL-Euskal Udalen Elkartea, Euskal Enpresarien Konfederakuntza (CONFEBASK), Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK), Arabako Enpresariak (SEA) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.
Publikoa eta doakoa da Bikain, eta kalitatezko euskararen bermea da. Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatuek ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute eta lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (Beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenek 1.000 puntutik; tarteko maila (Zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek; eta goi maila (Urrezkoa), gutxienez 800 puntu lortzen dituzten erakundeek.