Euskararen Etxea

Bihar Durangoko Azoka hasten da! Eta gure presentzia aurten berezia izango da…

49DurangokoAzoka

Bihar bertan hasten da 49. edizioa izango den Durangoko Azoka. Urtero bezala, han bilduko dira Euskal Herri osoko diskoetxe eta argitaletxeak, euren produktu eta nobedadeak ezagutzera emateko eta, ahal den neurrian, saltzeko baita ere.

49DurangokoAzoka

Gu ere hantxe izango gara, urtero bezala, baina aurten beste modu batez gauzatuko da gure presentzia azokan.

Aurreko urtetan Azkue Fundazioaren egitasmo teknologikoak aurkeztu izan ditugu: Durangoko Azokan bertan burutzeko eta espreski garatutako ekimenak, helburu parte hartzaile eta sustatzailearekin: Nik #KeinukaEuskarari, eta zuk? argazki orma; #Euskaltweetron, euskarazko Twitterreko txioak arto bihurtzen zituen makina; edo Irritruk, irribarre baten truke bertsoa oparitzen zuena…

Azken finean, Durangoko Azoka erabili izan dugu gure lana gizarteratzeko, gure egitasmoen berri emateko, euskararen erabilpena teknologian sustatzeko (internet, sare sozialak…), eta beti ikuspegi zabal batetik: bisitarien parte hartzea sustatuz, ekimen dibertigarri eta berritzaile bat azalduz eta hausnarketarako gaiak eskainiz.

Baina aurtengo egitasmoa zeharo ezberdina da. Aurten ez dugu gailu berezirik sortuko, ezta proposamen iraultzailerik burutuko.

49. Durangoko Azoka guretzako data berezia da. Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskararen Etxeak hamar urte bete zituen, jada kontatu genizuen moduan. Eta gu gara Euskararen Etxea mantendu, zaindu, kudeatu eta sustatzeaz arduratzen garenak.

Horregatik erabaki dugu aurten Euskararen Etxeari merezi duen garrantzia eskaintzea eta Azokan ospatzea publikoarekin batera 10. urteurren hori: Euskararen Etxea publiko orokorraren artean gehiago zabalduz, ezagutzera emanez eta bisitatzeko animatuz.

Gaurkoan ez dugu kontatuko nolakoa izango den gure standa eta nola aurkeztuko dugun Euskararen Etxea, baina hitza ematen dizuegu polita ba dela eta gure helburua zuen arreta deitzea izango dela.

Etxea nabarmendu nahi izan dugu eta gure lana eta bertan egiten diren hainbat ekimen zabaldu.

Handik pasatzera animatzen zaituztegu, azoka egunetan Euskararen Etxearen delegaritza horretatik, Goienkale 75-76 zenbakitan. Itxaroten zaituztegu, etorri bisitan eta ondo pasa azokan!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu