Euskal egitasmoak

Belatz Banden Lehia 2018ko lehenengo talde irabazlea!

Larunbatean ospatu genuen euskarazko musika eta talde berriak sustatzen dituen Banden Lehia txapelketaren 10. edizioaren finala. BELATZ, DEKOTZIZEL eta  NAU izan ziren talde finalistak eta BELATZ taldea irabazi zuen, publikoaren eta epaimahaikideen botoei esker.

Banden Lehiak euskarazko rock musika era berritzailean sustatzea du helburu. Egitasmoak euskara, musika eta teknologia biltzen ditu. Horrela, lehenengo fase batean taldeek internet bidez izena ematen dute lehiaketaren webgunean eta publikoak euren gogokoenak direnak bozkatzen du. Boto hauen arabera talde bat sailkatzen da; beste hiru talde finalistak epaimahai profesionalak aukeratzen ditu.

Aurtengo finalistak hauek izan dira: BELATZ talde gernikarra, Maruri-Jatabeko DEKOT, Azkoitiako ZIZEL eta Donibane-Lezoko NAU.

Beraz, bi talde bizkaitar eta bi gipuzkoar. Sailkatu izan diren lau talde horiek zuzeneko emanaldia eskaintzen dute publiko eta epaimahaiaren aurrean eta euren trebezia erakutsi behar dute batzuen eta besteen botoak eskuratzeko. Bozkatzeko sistema ere teknologiari estuki lotuta dago eta aurtengo edizioan berrikuntza nabarmena ezarri dugu, finaleko bozketa Twitter bidez bideratu dugu eta.

Ekitaldia

Bilborocken ospatutako ekitaldian lau talde finalistak aritu ziren lehian oholtza gainean. Oihan Vega esatariak aurkeztutako ekitaldia izan zen eta lau musika banda finalisten kontzertuez gain, Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeen kontzertuak izan genituen. Giro aparta izan genuen gau osoan zehar eta lau talde finalisten arteko giroa oso ona izan.

Zizel taldea izan zen lehenengoa, ekitaldia hasi baino lehen egin genuen jotzeko hurrenkera ezarriko zuen zozketan erabaki bezala. Nau jo zuen bigarren eta ondoren Dekot; eta talde finalisten emanaldiak Belatz itxi zituen.

Bilborock ea beteta egon zen gau osoan zehar, bai finaleko kontzertuak jarraitzeko hurbildu ziren jarraitzaile eta musika zale eta baita kontzertua ikustera etorri zirenak ere. Ze Esatek taldeak kontzertu zoragarria eskaini zuen eta hasieratik publikoa bereganatu zuen betiko kantekin. Oholtza gainean zeudenek kantatu eta jo zuten, baina publikoak etengabe kantatu zituen abestiak ere.

Botoak

Hasieratik botoen zenbaketa sutsua izan zen. Edizio honetan, aurreko edizio bezala, publikoaren bozketa sistema Twitter bidez egin dugu. Taldeek txio kopuru bat argitaratu behar zuten eta publikoak txio horiek birtxiokatzen eman zien botoa. Erabiltzaile bakoitzak behin baino ezin zuen txio bakoitza birtxiokatu.

Guztira 1.907 txio bidali ziren gauan zehar, ekitaldia irauten zuen bitartean.

Publikoaren botoek erabakiaren %40a suposatzen zuen; epaimahaiaren erabakiak beste %60a. Eta lan handia izan du epaimahaiak edizio honetan, lau taldeak maila haindikoak bai ziren. Aurtengo epaimahaia kide hauek osatu dute: Baga Biga musika ideiak diskoetxeko Ritxi Aizpurua; Last Toureko kidea Beatriz Concepción; Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kidea), Zuriñe Maguregi (MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazio fakultateko langilea, Gaztezulo-ko zuzendari ohia) eta Amets Rodriguez (Mundaka Festivaleko zuzendaria) osatu zuten.

Publikoaren botoei esker Belatz taldeak lortu zituen birtxio kopuru gehien, 1.059 birtxioketarekin. Nau taldea atzetik 436rekin; eta ondoren Dekot 296 birtxio izan zituen eta 156 Zizel.

Eta horrela, boto guztien %34,87rekin, Belatz suertatu zen irabazle. Ondoren, Zizel taldea, %24,27a eta Dekot taldea, %22,70rekin; eta Nau taldeak %18,14 lortu zuen.

Beraz, Belatz atera zen Banden Lehiako 10. edizioko 1.go irabazle. Banden Lehiari esker 2019ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du; eta Baga Biga musika ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du. Lan berri hau datorren urteko udazkenean aurkeztuko dugu. Zizel izan zen 2.talde irabazlea eta bideoklipa baten grabaketa, edizio eta postprodukzioa irabaziko zuen. Dekot, 3.postuan gelditu zen eta irabazi zuen saria 2019 Mundaka Festival jaialdian joko du eta azkena eta 4.saritua Nau taldea izan zen eta 500€ baliodun diru-txekea jaso zuen.

Bestalde, Banden Lehiako antolatzaileek lau talde finalisten kantak bilduma oroigarri batetan jasoko dituzte eta The Orchard plataformara igoko dituzte.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu