Baditugu Banden Lehiako 5. edizioko talde finalistak!
Eta nortzuk dira? Iseka Rock, Ukan, Eskean Kristö eta Urgatz taldeak!! Zorionak guztiei!
Urtero moduan, bi modutako botoei esker sailkatu dira lau bandak: horietako bi publikoaren onlineko botoei esker; eta beste biak epai mahaiak aukeratutakoak.
Iseka Rock eta Ukan taldeak onlineko botoei esker sailkatu dira, 3.472 eta 3.113 puntu banarekin. Eskean Kristö eta Urgatz, epaimahaiak aukeratutakoak.
Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru, Gatibu taldeko Haimar Arejita, Last Tour International promotorako ordezkaria eta Andres Portero musika kazetariak lan zorrotza egin behar izan dute aukeraketa egiteko. Beste urtetan baino talde gutxiagok parte hartu izan dutenen arren, guztien maila altua azpimagarria izan da.
Euskal Herriko leku ezberdinetatik heltzen zaizkigu lau taldeak. Hiru banda bizkaitar, eskualde ezberdinetakoak: Uribe Kostatik Ukan taldea; Arratiako herri ezberdinetatik Eskean Kristö taldekoak datozkigu; eta Bermeoko Urgatz taldea. Eta Gipuzkoatik Iseka Rock zumaiatarrak datoz.
Orain ospatzeko unea heldu da. Lau bandak Bilborocken arituko dira azken lehian, zuzenean, azaroaren 29an. Beraiekin batera, Vendetta taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu.
Eta finala horretan zuzenean aritu beharko dira bere musika gaitasunak erakusten. Publikoarekiko jarrera ere baloratuko dute epaileek eta final honetatik Banden Lehia 5. edizioko irabazlea aterako da. Nor izango da?
Publikoak zeresan handia izango du finalean ere eta banda bakoitzari esleiatuko zaion telefono zenbakiari dei galduak eginez entzuleek euren gogokoen taldeari botoa emateko aukera izango dute. Publiko eta epaimahaikideen botoen artean irabazlea aukeratuko da.
Lau taldeak borroka sutsuan ibiliko dira kontzertu horretan. 20 minutu izango du talde bakoitzak onena emateko eta ahaleginak pena merezi izango du, sariak pottoloak bai dira: irabazleak 2014ko BBKLive jaialdian jotzeko aukera izango du eta disko bat ekoiztu eta merkaturatuko du.
Banda finalista guztiek beraien kantaz osatutako disko oroigarria jasoko dute.
Beraz, emozioz betetako finalaz gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 29an. Animatu eta etorri euskal banda hauek zuzenean entzutera. Doako sarrera librea egongo da Bilborocken. Gonbidatuta zaudete!