Banden Lehiako 6. edizioko finalerako sailkatutako hirugarren taldea Aizkorak zorroztu da.
Bilbotik dator talde hau. Eta aurrekoak bezala, berri-berria da, 2014 honetako udaberrian sortu bai da. Taldeko kideen esanetan, euren musikan eragina izan duten bi korronteak minimalismoa eta afterpunka izan dira. Hauetan oinarrituz, inprobisatzen hasi eta horrela hasi dira sortzen.
Taldeak 60ko eta 70eko musika-tresnak erabiltzea du gustuko, horrela, musika organiko eta biziaz gain, sentitzen eta barneratzen dituzten abestiak ere sor ditzaketelako. Horrez gain, taldea zinemazalea ere bada, eta zinemaren mekanismo narratiborik ezagunenak erabiltzen ditu bere hitzen irudiak eta istorioak egiteko.
Euskaraz kantatzen dute beti. 80ko eta 90eko talde euskaldunen eraginarengatik batik bat Aizkorak Zorroztu taldearen begirada, kamustuta dagoen aizkora baten xaflaren gaineko isla distortsionatua da: itxuragabekeriaren, errealitatearen ikuspegi deformatuaren eta mundu kaltegarri eta gaixo baten disekzio leialaren artekoa. Makillajerik gabe; eufemismorik gabe.
Horrela ikusten du taldeak bere burua eta horrela sortzen da gazte hauen musika.
Hiru kidez osatuta dago taldea: Ander Pikado (baxua, ahotsa,teklatuak), Mikel Reparaz (gitarra eta koruak) eta Alain Reparaz (bateria).
Talde gartsua, azaroaren 28an Bilborockeko oholtzan joko duena. gau horretan bertan jakingo dugu ea Banden Lehia 2014ko 6. edizioko irabazleak suertatzen diren.
Talde hau jarraitu nahi baduzu eta hobeto ezagutu, hemen aukera gehiago:
- Aizkorak zorroztu Banden Lehian
- Taldearen Facebookeko orria