Banden Lehiako 8. edizioko finalistak ezagutzen ari gara aste hauetan. Gaur, Hi Exekutibo taldearen txanda da.
Zumarraga-Urretxuko Hi Exekutibo-ko kideak ez dira, ez, hasiberriak. 2013an hasi zuten ibilbidea, baina, Josu Calvo abeslari, gitarrista eta kantugileak urteak daramatza konposaketa lanetan, beraz, sortutako doinuek badute pisu eta zentzu bat.
Nortzuk osatzen dute taldea?
- Josu Calvo (Ahotsa eta kitarra)
- Alberto La Rosa (Bateria)
- Sidi Elbouanani (Baxua)
Abesti gehienak melodikoak dira, euskaraz zein ingelesez abestutakoak. Bai konposizioan eta baita tarte pisutsuenetan ere nabari dira hardcore eta rockaren zantzuak. Horrek ez die, ordea, begirada lausotzen, eta gai dira eremu zabalagoetara iristeko.
2015ean, aurreko bi urteetan egindako lan eta sakrifizio guztien sari, lehen estudio lana egin zuten. Alvaro Remacharen gidaritzapean, soinuari buelta pare bat ematen saiatu zen hirukote gipuzkoarra. Emaitza, 2015 otsailean etorri zen Kondria Guztiak izeneko diskoan, 5 kantuz osatua: ilun-argiak elkar trukatzen diren bidaia erritmiko, serio eta interesgarri bat.
Diska honekin, Luberri Estudioek sortutako 2015 Banda Lehiaketa irabazi zuten eta bigarren diskoa grabatzea izan zen saria. Kasu honetan, Txus Lozanorekin egin zuten. SOS izeneko diska berria 2016ko otsailean grabatu eta ekainean kaleratu zuten. Diska atera bitartean, formazio aldaketak eman ziren eta gaur egungo formazioa finkatu zuten.
Zer nolako musika egiten duten entzun nahi?
Azaroaren 25ean, Banden Lehiako 8. edizioko finala ospatuko da eta beste finalisten artean, Hi Exekutibo zuzenean entzuteko aukera izango da Bilborock aretoan. Huts egingo duzu?
Taldea jarraitu
- Hi Exekutiboren profila Banden Lehian
- Hi Exekutibo Facebooken
- Hi Exekutibo Bandcampen
- Hi Exekutibo Youtuben