Aste honetan estatu espainoleko Ministroen Kontseiluak kanon digital delakoaren arautegi berria onartu du. Aurreko eredura bueltatzen da eta, beraz, erosiko dugun CD, telefono mugikor edo tableta bakoitzetik aparteko diru kopuru bat ordaindu beharko dugu, egin litezkeen kopia pribatuengatik konpentsatzeko. Gai honi buruz zalantzak argitu nahi badituzu, hemen doaz lege berriaren ezaugarri nagusien azalpenak.
Uztailaren 3an onartutako Lege Dekretuak Jabetza intelektualari buruz indarrean dagoen legeriaren testu bateratua aldatzen du, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan jasotzen dena.
Gai honi buruzko zehaztasunak argitzeko asmotan, hemen dituzu 10 galdera zehatzen erantzunak.
1. Zergatik kanon digital berri bat?
2006an indarrean jarritako kanon digitala Europar Batasunak indargabetu zuen 2010ean; eta 2011an ezarritakoa, 2016an. Hasiera batean, 2008an euskarri fisikoak ordaintzera behartuta geunden, baina Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ilegaltzat jo zuen, norbanakoei bakarrik aplikatzerik zeukalakoan, eta ez pertsona juridiko edo Administrazioari.
Ondorioz, Espainiako Gobernuak aldaketa bat egin zuen: kopia pribatuaren kontzeptua mugatu eta Estatuaren Aurrekontu Orokorretatik ordainduko zela erabaki zuen. Baina kudeaketarako erakundeek erabaki hau salatu zuten, diru sarrera txikiagoak jasotzen zituztela argudiatuta; interneteko erabiltzaileen elkarte eta norbanakoek ere salaketa aurkeztu zuten, guztiok ordaintzen genuelako zerga, ustezko jarduera bat aurreikusiz, baina praktikan beti ematen ez dena izanda. Kasu honetan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera bota zuen berriro, pertsona juridikoek kanona ordaintzen zutelako.
Araudi berri hau berriro ere aurreko ezaugarrian oinarritzen da: egin litezkeen kopia pribatuen ordainetan egileei eman beharreko konpentsazioa fabrikatzaile eta banatzaileen ardura izango da. Beraz, aparteko kostua ezarriko zaie kopia egiteko aukera eskaintzen duten euskarriei.
2. Kanon berriak ordaintzera behartzen gaitu?
Bai, ordaindu beharko dugu. Espainiako Gobernuaren esanetan, oraingoan arau berriak legea modu zuzenean beteko du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak aplikatutako jurisprudentziara egokitutako dirua itzultzeko eta salbuespenak lotzeko sistema ezartzen dituelako.
3. Beraz, zeinek ez du kanona ordaindu behar izango? Zeinek eska dezake dirua itzultzea?
Ez dute kanon hau ordaindu behar izango erositako ekipamendu edo euskarrien erabilera profesionala frogatuko dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eta sektore publikoaren barnean dauden erakundeek. Beraz, enpresek eta Administrazioak ez dute ordaindu behar izango, horren azalpena emango duen dokumentazioa eta frogak aurkeztuta.
4. Zer gertatzen da kontsumitzaile arruntekin, kopia pribaturik ez dugula egingo frogatu nahi badugu?
Horrelako gailu eta euskarriak erosten ditugun hiritar guztiok ez ditugu kopia pribatuak delakoak egiteko erabiliko. Zelan kudeatuko da hau orduan?
Errege Dekretu honek dirua itzultzeko aukera eskaintzen du, betiere ekipamendu edo euskarriaren erabilera esklusiboa profesionala izango dela frogatzen baduzu. Gainera, ezin izango dira 25 eurotik beherako diru itzultzeak eskatu.
Beraz, kontsumitzaile arruntok oso zaila izango dugu horrelako diru itzultze bat eskatzea.
5. Fabrikatzaileek ordainduko dute kanona?
Hau da azalpenaren ideia nagusia eta ulertarazi nahi dutena, 2008ko kanonaren ideia berreskuratuz.
Baina azken finean fabrikatzaileek gailu eta euskarrien salmentako prezioan eragingo dute kanon honen kostua eta berriro ere erabiltzaileok izango gara ordainduko dugunok.
6. Zenbateko kostua suposatuko du kanonak?
Arlo praktikora eramanez eta adibide bat jarriz, telefono mugikor batean fabrikatzaileak 1,10 euro ordaindu beharko ditu; tableta edo antzeko pantailadun gailu elektroniko batean 3,15 eurokoa izango da aparteko zerga hori. Horrela arautzeak hasieratik arazoa dakar: 2011n ezarritako baldintzen arabera, jarduera enpresarialetarako erabiliko ziren euskarriek ez zutela kanona ordaindu behar izango, baina printzipioz beti berdin kobratzen da, ez dagoelako araututa zelan egin horren zuriketa.
Oraingoz behin-behiniko tarifa kopuruak ezarri dituzte, baina testuak jasotzen duenaren arabera, urte bateko epean Errege Dekretu batek jaso beharko du zein gailu egongo diren kanon hau ordaintzera behartuta eta zein izango den horren kostua. Testuan esaten denaren arabera, kopuruak finkatzeko orduan uneko merkatu eta errealitate teknologikora egokitu beharko dira. Eta hemen egongo da koxka…
Hau da tarifa berri honen zerrenda osoa:
- Multifuntzio inprimagailuak: 5,25 €/banako
- Monofuntzio inprimagailuak: 4,50 €/banako
- Disko grabadorak: 0,33 €/banako
- Disko grabadorak mistoak: 1,86 €/banako
- Berriro grabatu ezin diren diskoak: 0,08 €/banako
- Berriro grabatu daitezkeen diskoak: 0,10 €/banako
- Berriro grabatu ezin diren DVDak: 0,21 €/banako
- Berriro grabatu daitezkeen DVDak: 0,28 €/banako
- USB memoria eta memoria txartelak: 0,24 €/banako
- Kanpoko disko gogorrak: 6,45 €/banako
- Sartutako disko gogorrak: 5,45 €/banako
- Tabletak eta pantaila ukigarriak dituzten euskarri eramangarriak: 3,15 €/banako
- Telefono mugikorrak: 1,10 €/banako
7. Zer gertatzen da Smart TV edo biltegirako zerbitzuekin? Ez dute kanona ordaindu behar izango?
Arlo honetan ematen du aurreko sistema aplikatuko zaiela euskarri hauei. Oraingoz ematen du behin betiko testua sortu arte eta tarifak ikusita, kasu hauetan kanon berria ez dela aplikatuko. Baina datorren urtean baliteke sorpresak etortzea, legearen testuan adierazten denaren arabera, kopia pribatuaren errealitatera doitzeko ekipamendu eta kostuen eguneratzea egingo delako.
Beraz, baliteke etorkizun hurbilean kanona baliabide berrietan aplikatzea.
8. Kopia pribatuaren kontzeptuak zer esan nahi du?
Jabetza Intelektualaren Legeak kopia pribatuaren kontzeptua mugatu zuen eta ordura arte kopia pribatutzat jotzen ziren jarduera asko linbo batean geratu ziren. Orain definizioa aldatu eta murriztu da eta, beraz, kopia pribatu bezala izendatzen da:
- Pertsona fisiko batek egitea, soilik erabilera pribaturako, ez profesional ezta enpresariala eta helburu ekonomikorik gabe, ez zuzenak ez modu ez zuzenean.
- Erreprodukzioa bidezko eta iturri zilegi batetatik egitea eta lan horretara jotzeko baldintzak ez urratzea.
9. Zeinek kudeatuko du eta nola banatuko da lortutako dirutza?
Egileen eskubideak kudeatzeko erakundeek arduratuko dira honetaz eta banaketa euren irizpideen arabera egingo dute.
10. Zeinek irabaziko du honetan guztian?
Kultur Ministeriotik adierazitakoaren arabera, konpentsaziorako eredu berri hau kudeaketarako erakunde eta zenbait talde parlamentarien arteko lankidetzaz sortu da. Beraz, argi dago norentzat izango diren irabaziak.
Bestalde, orain arteko datuei erreparatuta, 2011an, euskarriei aplikatutako kanonagatik egileen eskubideak kudeatzeko erakundeek 115 milioi euro jaso zuten; 2012an, Estatuko Aurrekontu Orokorretatik ordaindutako kanonari esker, erakunde hauek 5 milioi euro jaso zituzten.
Orain euskarrietara aplikatuko den eredua sartuko da berriro indarrean eta datuak hor daude. Izugarrizko aldea. Hala ere, kontuan izan behar da 2011an gaur egun baino disko kopuru askoz gehiago grabatzen zirela.
Beraz, ikusteke dago kanon berriarekin zenbat diru jasoko duten, baina zaila izango da 115 milioi euro horietara heltzea. Eta, beraz, hurrengo galdera sortzen da: zer izango da etorkizuneko arauak finkatu behar izango duen merkatuaren teknologietara doitze hori?
Informazio osagarria:
BOEn argitaratutako legearen testu osoa (2017ko uztailak 3koa)
Jabetza Intelektualaren legeria, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua.