Gurekin parte hartu nahi?

Badator Banden Lehiako finala!

Gutxi falta da, Banden Lehiako 7. edizioko finalerako: azaroaren 27an ospatuko dugu Bilborocken.

BandenLehia-finala

Lau talde hauek izango dira finalean zuzeneko emanaldia eskainiko digutenak:

Ozhen taldea

Begiz begi taldea

Desore taldea

Yoko Out taldea

Dagoeneko non eta zein taldek joko duten badakigu. Baina finalari buruzko beste zenbait gauza kontatuko dizkizuegu.

Ozhen taldea - Banden Lehiako finalista

Begiz Begi taldea Banden Lehiako finalista
Desore
YokoOut2

Ekitaldia

Esan bezala, ekitaldia Bilborocken ospatuko dugu. Bertako oholtza gainean lau banda finalistetako bakoitzak 20 minututako zuzeneko kontzertua eskainiko digu eta euren trebezia erakutsiko digute.

Oihan Vega esatariak aurkeztu du ekitaldia eta epaimahaia ere bertan egongo da taldearen lana ikusten. Gogoratu zein den aurtengo edizioko epaimahai taldea: Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru; Leire Palacios kazetaria; Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko kantaria eta aurkezlea; eta Last Tourreko Gaby Salaberry.

_MG_5781

Eta aurreko ediziotan bezala, bertaratutakoek Banden Lehiako ormaren aurrean argazkiak egin ahal izango ditugu eta zuzenean ikusgai izango dira Banden Lehiako webgunean.

BL2014-orma

Sariak

Sari oso desiragarriak ditu Banden Lehiak, edozein musika taldearentzat ametsa betetzekoak. Horrela, talde irabazleak guzti hau jasoko du:

  • Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoiztea.
  • 2016eko Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du, zuzeneko emanaldian.
  • 2016eko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzea.
  • Lehiaketako 2015eko edizioko disko bilduma oroigarria. Azkue Fundazioak lau finalisten kanten disko bilduma oroigarria ekoiztuko du eta finala egunean banatuko du. Taldekide bakoitzak antolatzaileek ekoiztuko dugun lehiaketako bildumako CDaren aleak jasoko ditu.

Beste hiru talde finalistek ere disko bilduma jasoko dute.

Talde gonbidatua

Urtero talde famatu bat gonbidatzen dugu Banden Lehiako finaleko ekitaldian kontzertua eskaintzeko. Aurreko ediziotan The Uski´s, Gose, Vendetta, Hesian… izan ditugu.

Aurtengo kontzertua Urtz taldeak eskainiko digu. Sarrera librea eta doan!

Urtz taldea Banden Lehia 2015ean

Bozketa Twitter bidez

Dakizuenez, Banden Lehiako finalean bai publikoak eta bai bertan dagoen epaimahai profesionalaren artean erabakiko da zein izango den talde irabazlea.

Publikoak botoa emateko aukera izango du eta hauek %40ko balioa izango dute; beste %60a epaimahaikideen iritziaren arabera izango da.

Aurtengo edizioan bozkatzeko sistema aldatu dugu eta Twitter bidez egingo dugu. Formatu aldetik berrikuntza, beraz. Horrela egingo dugu:

  • Talde bakoitzak 20 txio ezberdin sortuko ditu, botoa eskatzen. Traola jakin batekin identifikatuko dira.
  • Taldeek ekitaldia hasi baino apur bat lehenago hasiko dira txioak zabaltzen.
  • Publikoak bozkatuko du txio horiek bir-txiokatuz. Txio bakoitza behin baino ezin izango dute bir-txiokatu.
  • Antolatzaileok iragarriko dugu ekitaldian bertan bozkatzeko epea noiz hasi eta noiz amaituko den eta talde bakoitzak jasoko dituen bir-txio kopurua gorde eta zenbatuko dugu.
  • Talde bakoitzak lortutako bir-txio egoki bakoitza boto bat izango da.
  • Esan bezala, boto guzti hauek zenbatu eta talde bakoitzak lortutakoak %40a izango da.
  • Epaimahaiak ere bozkatu eta erabakiaren beste %60a izango da.

Ekitaldiaren amaieran zein izango den talde irabazlea iragarri eta sari-banaketa egingo dugu.

Dena ia prest dago finala egunerako. Taldeak kontzertua prestatzen eta botoa eskatzeko txioak asmatzen; publikoa gozatu eta musika entzuteko prest eta Twitterreko kontuari adi baita ere botoak eskaini ahal izateko.

 

Zein izango da Banden Lehia 2015eko irabazlea? Gu irrikitan gaude jakiteko, eta zuek? Animatu eta etorri euskal musika berria entzuten eta sustatzera!

Gogoratu! Datorren ostiralean, azaroaren 27an, Bilborocken eta 20:00etatik aurrera.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu