Irailaren 24an Banden Lehia 2015, 7. edizioari hasiera emango diogu.
Banden Lehia lehiaketaren helburua urtero interneteko euskal musika talde amateurrik entzutetsuena saritzea da. Gero eta maila handiagoa erakusten dute lehiaketan parte hartzen duten taldeek eta sari aldetik ere bilakaera nabarmena eman da ediziotan zehar eta gero eta desiragarriagoak izaten dira.
Banden Lehiako talde irabazleak 2016ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du; eta gainera, disko bat ekoiztuko du baita ere. Musika egiten baduzu, ez duzu uste pena merezi duela benetan?
Banden Lehia erreferentziazko lehiaketa bilakatu da euskarazko musikaren alorrean.
Eta aurten berrikuntza eta aldaketak egin nahi izan ditugu. Aurtengo edizioa guztiz berrituta dator, izan ere, hamaika berrikuntza egin ditugu. Hona hemen guztiak… eta hamaika dira bene-benetan!
1. Banden Lehiaren irudi berria
Banden Lehiaren logoa guztiz aldatu dugu, goitik behera. Orain bi koloretan eta modernoagoa.
Aurten ere kartelak diseinatu ditugu lehiaketaren berri emateko, kalez-kale eta herriz-herri.
Kartelen diseinua aldatu egin dugu baita ere, irudi berriarekin bat egiteko. Eta bi kolore ezberdinetan ekoiztu ditugu. Helburua, deigarriagoak izatea.
Banaketa aldetik ere, inoiz baino zabalkunde handiagoa emango diogu lehiaketari eta horregatik Euskal Herriko hegoaldeko herri gehiagoetako kale, gune eta komertziotan jarriko ditugu kartelak.
2. Banden Lehiaren webgune berria
Banden Lehiako webguneak ere hainbat berrikuntza aurkezten ditu aurtengoan:
- .eus domeinupean
- Irudi, kolore eta diseinu berria
- Egitura eta atal berriak
3. Bozkatzeko sisteman aldaketak
Banden Lehiako lehen fasea internet bidez burutzen da eta honetan, aurreko ediziotan bezala, erabiltzaileek online bozkatuko dute. Baina aurten, finala egunean ere bozketa internet bidez egingo da.
4. Lehenengo faseko sailkapenean aldaketak
Internet bidezko lehen fase horretako sailkapenean orain arte publikoaren botoei esker bi talde sailkatzen ziren finalerako. Hemendik aurrera talde bakarra sailkatuko da onlineko bozkaketa honen bidez; beste hiru talde finalistak epaimahaiak aukeratuko ditu.
5. Epaimahai boteretsua, inoiz baino gehiago
Publikoaren iritziaz gain, Banden Lehian epaimahaia dago baita ere, musika arloko profesionalez osatua. Euskal musika arloan jantziak eta lehiaketa ezagutzen dutenak.
Hauek dira aurtengo edizioan epaimahaia osatzen duten kideek:
- Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna)
- Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kidea)
- Leire Palacios (musika kazetaria)
- Gaby Salaberry (Last Tour International)
6. Lehen fasean emandako botoak Twitterren partekatzeko aukera
Lehiaketako lehen sailkapen fase horretan, edozein erabiltzailek botoak eskaintzeko aukera izango du. Hamar boto izango ditu eskaintzeko, nahi duen moduan banatuta. Behin hau eginda, boto horiek bere Twitterreko profilean partekatzeko aukera eskainiko diogu.
Twitterren partekatu ahal izango dute Banden Lehian bozkatu dutela. Horrela, gustoko dituzten taldeen izena zabaldu eta lehiaketa ezagutzera emango dute.
7. Lehen fasean botoak ematea sarituko dugu
Twitterren emandako botoak partekatzen dituzten erabiltzaile guztien artean zozketa egingo dugu eta saridun bat aukeratu. Horrek sari galanta eramango du: 2016ko Bilbao BBKLive jaialdirako sarrera bono bat.
8. Banda Beat berritua
Banden Lehian parte hartzeko lehen pausua Banda Beat sare sozialean profila zabaltzea da. Banda Beat euskarazko musika amateurra ezagutzera emateko sare soziala da. Talde berriek euren musika plataforma honetara igo dezakete eta profila osatu, ezagutzera emateko eta euren musika internet bidez zabaltzeko.
Zazpigarren edizio honetan aldaketak egin izan ditugu Banda Beaten baita ere eta webgune honek berrikuntzak izango ditu: dagoeneko .eus domeinu pean dago eta atal berriak ditu.
9. Talde parte hartzaileek inoiz baino gehiago entzuleen laguntza eskatu beharko dute
Esan bezala, Banden Lehian parte hartuko duten taldeek lehen fasean onlineko botoak eskuratuko dituzte eta publikoak bozkatu duela sarean, Twitterreko profilaren bitartez, adierazteko aukera izango du.
Horregatik, taldeek sarean aktibo izan eta aukera hauei etekina atera beharko diete, boto gehiago eskuratu ahal izateko eta taldearen izena eta parte hartzea zabaltzeko.
Lagun, jarraitzaile, zaletu eta abarren laguntza behar izango dute.
10. Finalean, Urtz talde gonbidatua
Banden Lehia 2015eko 7. edizioko finala azaroaren 27an izango da, Bilborocken.
Bertan lau talde finalistek zuzeneko ekitaldia eskainiko digute eta publikoak bozkatzeko aukera izango du. Epaimahai kideak ere han izango dira eta bien artean aurtengo irabazlea zein taldea izango den erabakiko dute.
Finalean Urtz taldea izango dugu gonbidatu eta kontzertua eskainiko digu.
11. Finaleko bozkaketa Twitter bidez
Banden Lehiak euskara, musika eta teknologia biltzen ditu egitasmo bakarrean. Hirurak eskutik helduta osatzen dute proiektua eta hirurak besteen beharra behar dute borobiltzeko.
Finala egunean orain arte publiko eta jarraitzaileen botoak telefonoz egindako dei galduen bidez jasotzen baziren, aurten hau ere aldatu egingo da.
7. edizioko finalean taldeek egun horretan bertan sortu eta zabaldutako Twitterreko txioen bitartez eskatuko dute botoa beraien alde. Eta publiko, jarraitzaile, lagun eta zaletuek txio horiek birtxiokatuz eskainiko diote botoa talde bakoitzari.
Aldaketa ugari, ezta? Guztiak Banden Lehia egitasmo oraindik handiago eta onuragarriagoa bilakatzeko.
Talde batean jotzen baduzu eta zure musika zabaltzea nahi baduzu, orain duzu aukera.
Izena eman eta parte hartu!
[…] Eta aurten berrikuntza eta aldaketak egin nahi izan ditugu. Aurtengo edizioa guztiz berrituta dator, izan ere, hamaika berrikuntza egin ditugu. Hona hemen guztiak… eta hamaika dira bene-benetan! http://bit.ly/1KBfQ8e […]
[…] Eta aurten berrikuntza eta aldaketak egin nahi izan ditugu. Aurtengo edizioa guztiz berrituta dator, izan ere, hamaika berrikuntza egin ditugu. Hona hemen guztiak… eta hamaika dira bene-benetan! http://bit.ly/1KBfQ8e […]