Euskara ingurune digitalean

Badator 18. Korrika … gora Korrika!

Korrika 17an Azkue Fundazioko langileok lekukoa eramaten

Badator 18. Korrika, justu orain Andoainetik irten eta dagoeneko Euskal Herri osoko kale, etorbide, bidexka eta errepideak korrikalari euskaltzalez bete eta euskararen oihartzuna mundu osoan entzuteko moduan zabalduko dugu. Bai horixe!

 

korrika

 

Gaur Andoainen hasi eta Baionan bukatuko den edizio honetan milaka lagun kalera aterako dira euskararen alde. 11 egun korrikan gelditu barik, 2.500 kilometro baino gehiago lekukoa eskuz-esku ematen; euskara moduan. Hau da hain zuzen ere aurtengo leloa: “Eman euskara elkarri”.

Gauza asko gertatu dira lehenengo Korrika ospatu zenetik orain 32 urte. Lehenengo Korrika hartan Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zuen Korrikak ez zuen gaur egungo jendetza biltzen. Eta urte hauetan une beltzak bizi izan ditu, bai euskarak eta bai AEK antolatzaileak eta Korrikak berak.
Egun, euskararen aldeko lasterketa hau gure hizkuntza defendatu eta zabaltzeko egiten den ekimenik jendetsuena da: bakoitzak bere herrian edo hirian egin dezake korrika.
Eta munduan zehar zabaldu da ere eta atzerrian bizi diren euskaltzaleak ere Korrika egitera ateratzen dira: Madrilen, Bartzelonan, Londresen, New York-en, Mexikon, Shangain… Leku guztiak dira onak euskararen alde korrika egiteko, ezta?

Korrika 17an Azkue Fundazioko langileok lekukoa eramaten

Urte batzuk ditugunok Korrika guztiak gogoratzen ditugu; ikastolarekin ateratzen ginen kaleetara, gero familia eta lagunekin berriro, herri eta auzoetan bizi izaten zen jai giroaz gozatzen genuen… Eta orain ere kalera irtetzen jarraitzen dugu, batzuk belaunaldi berriekin, seme-alabekin ere bai. Korrikako edizio ezberdinak datozkigu burura berria heltzear dagoenean. Dagoeneko ia 35.000 kilometro egin izan dira euskararen alde, baina ez dira nahikoak.

Korrikari harrera ematea emozioz betetako unea izaten da: aldarrikatzailea, alaia, urduritasun handikoa … Eta gehiago oraindik lekukoa hartzeko momentua heltzen denean. Ezin da hitzez azaldu sentitzen dena.
Ba al dago euskaldun batentzat ohore handiagorik? Bai, badago bat: euskaraz aritzea, egitea, maitatzea eta eguneroko aldarrikatu eta zer garen erakustea
.

18. Korrika honetan guk ere parte hartuko dugu, nola ez! Bilbon, justu hiriko lehenengo kilometroetan, Euskararen Etxearen ondoan lekukoa hartu eta aurrera egingo dugu. Gurea 1961. kilometroa izango da.

Baina guztiok egin behar dugu Korrika, edozein lekutan, hori berdin dio. Eta sarean ere Korrika zabaltzen lagundu behar dugu. Sarea euskara sustatzeko beste eremu bat da, itxaso zabala eta amaigabekoa. Eta hemen ere Korrika eta euskararen mezua zabaltzeko aukera handiak ditugu. Sare sozialak, blogak, Twitter, bideo edo argazki plataformak eta egun eskuragarri ditugun erraminta guztiak erabiltzera animatzen zaituztegu.

Korrikaren mezua zabaldu dezagun. Eman euskara elkarri!!Gora Korrika eta gora euskara!!

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu