Atzokoan Korrika 18 Bilbora heldu zen. Emozioz betetako eguna izan zen. Milaka euskalakari bildu ziren Bilbon Korrikari harrera egiteko eta euskararen alde korrika egiteko.
Azkue Fundaziokook ere gure kilometroa egin genuen Bilbon sartu eta oso distantzia gutxira. Izan ere, Korrika Enekuritik sartu zen Bilbora eta San Inazio auzoa izan zen zeharkatu zuen lehenengoa.
Guk Sarriko aurrean geneukan hitzordua. Gure kilometroa 1761.ena zen. Eta noski, ohorez hartu genuen lekukoa eta atsegin handiz eraman izan genuen Lehendakari Etorbidean zehar.
Deustun lekukoa utzi eta gure auzoetara abiatu ginen berriro korrika egitera. Atzokoan Bilbo petoz jantzitako korrikalariz beteta zegoen eta aparteko giro euskalduna zegoen non-nahi.
Gaueko 10:00ak aldera Korrikak Bilbo utzi eta Basaurirantza jo zuen. Badoa apurka-apurka Baionarantz eta igandekoa jai erraldoia izango da, euskararen aldeko jaia.
Baina hor ez da bukatutko euskararen aldeko lana, ezta gutxiago ere. Aurtengo lemarekin jarraituz, euskara elkarri ematen jarraitu behar dugu, bakoitzak bere neurrian eta ahal duen moduan, baina euskaraz.
Dakigunok ez dakienari lagundu, ez dakienak ikasten saiatu eta erakunde eta goi-mailako botereen aldetik euskara sustatzea. Horiek dira gure nahiak.
Gora gure euskara!