Euskal egitasmoak

Aneguria izan da Banden Lehiako 9. edizioko irabazlea!

banden-lehia-9finala

Ostiralean ospatu genuen euskarazko musika eta talde berriak sustatzen dituen Banden Lehia txapelketaren 9. edizioaren finala. Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! izan ziren talde finalistak eta Aneguriak irabazi zuen, publikoaren eta epaimahaikideen botoei esker.

 

Lehiaketa

Banden Lehiak euskarazko rock musika era berritzailean sustatzea du helburu. Egitasmoak euskara, musika eta teknologia biltzen ditu. Horrela, lehenengo fase batean taldeek internet bidez izena ematen dute lehiaketaren webgunean eta publikoak euren gogokoenak direnak bozkatzen du. Boto hauen arabera talde bat sailkatzen da; beste hiru talde finalistak epaimahai profesionalak aukeratzen ditu.

Aurtengo finalistak hauek izan dira: Akabu, galdakaoztarrak; Beratik heldutako Azken Trena taldea; Aneguria Bilbotik; eta Raust! Basauritik. Beraz, hiru talde bizkaitar eta Nafarroako talde bat. Sailkatu izan diren lau talde horiek zuzeneko emanaldia eskaintzen dute publiko eta epaimahaiaren aurrean eta euren trebezia erakutsi behar dute batzuen eta besteen botoak eskuratzeko. Bozkatzeko sistema ere teknologiari estuki lotuta dago eta aurtengo edizioan berrikuntza nabarmena ezarri dugu, finaleko bozketa Twitter bidez bideratu dugu eta.

Ekitaldia

Bilborocken ospatutako ekitaldian lau talde finalistak aritu ziren lehian oholtza gainean. Oihan Vega esatariak aurkeztutako ekitaldia izan zen eta lau musika banda finalisten kontzertuez gain, Itziarren Semeak taldearen kontzertua izan genuen. Giro aparta izan genuen gau osoan zehar eta lau talde finalisten arteko giroa oso ona izan.

Akabu taldea izan zen lehenengoa, ekitaldia hasi baino lehen egin genuen jotzeko hurrenkera ezarriko zuen zozketan erabaki bezala. Raust! jo zuen bigarren eta ondoren Azken Trenak; eta talde finalisten emanaldiak Aneguria itxi zituen.

Bilborock beteta egon zen gau osoan zehar, bai finaleko kontzertuak jarraitzeko hurbildu ziren jarraitzaile eta musika zale eta baita kontzertua ikustera etorri zirenak ere. Itziarren Semeak taldeak kontzertu zoragarria eskaini zuen eta hasieratik publikoa bereganatu zuen betiko kantekin. Oholtza gainean zeudenek kantatu eta jo zuten, baina publikoak etengabe kantatu zituen abestiak ere.

Botoak

Hasieratik botoen zenbaketa sutsua izan zen. Edizio honetan, aurreko edizio bezala, publikoaren bozketa sistema Twitter bidez egin dugu. Taldeek txio kopuru bat argitaratu behar zuten eta publikoak txio horiek birtxiokatzen eman zien botoa. Erabiltzaile bakoitzak behin baino ezin zuen txio bakoitza birtxiokatu.

Guztira 6605 txio bidali ziren gauan zehar, ekitaldia irauten zuen bitartean.

Publikoaren botoek erabakiaren %40a suposatzen zuen; epaimahaiaren erabakiak beste %60a. Eta lan handia izan du epaimahaiak edizio honetan, lau taldeak maila haindikoak bai ziren. Aurtengo epaimahaia kide hauek osatu dute: Baga Biga musika ideiak diskoetxeko Ritxi Aizpurua; Last Toureko Aritz Gonzalez; Xabi Hoo Enkore taldeko abeslaria eta Maia  Muruaga kazetaria eta irrati esataria. Publikoaren botoei esker Raust! taldeak lortu zituen birtxio kopuru gehien, 2.946 birtxioketarekin. Akabu taldea atzetik 1.498rekin; eta ondoren Azken Trena, 1.232 birtxio izan zituen eta 54 Aneguriak.

Epaimahaiak, bestalde, aho batez erabaki zuen Aneguriak lehen postuan egon behar zuela.

Eta horrela, boto guztien %60,38rekin, Aneguria suertatu zen irabazle. Ondoren, Raust! taldea, %20,57a eta Akabu taldea, %10,46rekin; eta Azken Trenak %8,60 lortu zuen.

Beraz, Aneguria atera zen Banden Lehiako 9. edizioko irabazle eta datorren urtean iparraldetik etorriko zaigu uzta, disko formatoan.

 

Sariak

Lau taldek Banden Lehiako antolatzaileok ekoizten dugun lehiaketako disko bildumaren zenbait ale jaso zituzten.

Eta Bilboko Aneguriak aparteko sariak eskuratu ditu honetaz gain. Banden Lehiari esker 2018ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du; eta Baga Biga musika ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du. Lan berri hau datorren urteko udazkenean aurkeztuko dugu.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu