Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayok aurrera jarraitzen dute “Bizkaia gaillurretan Bilbotik Lhotsera euskaraz” mendi espedizioarekin.
Nepalen daude, jada Everest-eko kanpamenduan. Egun hauetan altuerara egokitzen ari dira eta bide batez inguruko herrixkak eta jendea ezagutzen.
Namche Bazar hirian egon dira egun batzutan. Namche Bazar (नाम्चे बजार) Nepaleko Khumbu herrialdean dagoen hiria da.3.440 metrotako altuerara dago.
Bideo zoragarri hau helarazi ziguten handik:
Ondoren, Everesteko kanpalekura joan ziren aurreko asteburuan eta mendi batzuk egin dituzte. Hemen argazki bilduma ikusgarria:
Baina arazoak izan dituzte eta atzo bertan jakin izan genuenez, gaixotasunak jota, Namche Bazarera bueltatu behar izan dira.
Hemen @AlexTxikon ek bidalitako kronika:
“Munduko mendirik altuena ikusi dugu honezkero. Harridura aurpegia jarri dugu guztiok, bai treking luzea gurekin burutzera etorri direnek eta bai altura honetan ibiltzen ohituta gaudenok. Ikuspegi bereziak, mendien ertzak, eguzkiak sortzen zituen itzal-argiak, elur maldak, bertikaltasunaren zorabioak,…., dena zen zoragarria.
Egun luzeak izan dira, gogorrak batzuetan, baina egun guztiek harridura berarekin janzten genuen: hau kolosala da!
Khunde Peak, Chukhung-Ri, Awi Peak edota Kala Pattar mendiak igo ditugu, guztiak 5000 metro urratzen dituztenak, eta altura horrek ere lilura sortu du gure lagunen artean. Batzuek emozioarekin jasan dute lehen igoera hori; malkoak eta besakada estuak batera agertu zituzten askok.
Baina liluramendu honekin batera, alturako mendizaletasunak dakarren infrentzua ere pairatu dugu guztiok. Badakizue, alturaren erasoa ezinbestekoa da.
Azken gaua Everesteko kanpamentu nagusian pasatu genuen eta hori dela eta kriston hotza, buruko minak, goragaleak eta bestelako trantzeak jasan behar izan genituen. Handik beherantz abiatu ginen berriz, zikloa itxi ahal izateko. Eta aldapan behera erraz ibili gara, bailararen berotasunak gorputza alaitzen zigun bitartean. Halarik ere, gaisotasunak gurekin datoz. Tamayo eta Juanra bikoteak eztarriko min izugarriarekin bizi dira duela egun batzuetatik hona, eta nabaritzen zaie duten ahulezia eta desgogoa. Botikek ez dute hemen eragin bera, eta hori dela eta Namche Bazar herrira jaistea deliberatu dute, ia gaisotasun horiek abandonatzen dituzten behingoz, hori gertatu ezean erabat zail izango baitute mendiari mokoka ibiltzea. Tamayok dioen bezala, batzuetan zailena mendiaren oinetara onik heltzea izaten da, eta gure kasuan hala gertatu da.
Bi egunez herri txiki horretan biziko gara lasaitasunez, gorputzak ezkutuan duen indarra berriz eskuratu arte.
Gero alturarekin neurtuko gara, dugun erronka hastear baitago“.