Sarritan hitz egiten dugu sarean eta, bereziki, sare sozialetan partekatzen ditugun edukiei arreta handia jarri behar diegula, batez ere pertsonalak direnean. Partekatutako guztiak osatzen du gure nortasun digitala. Baina, azkenaldian, honen inguruan beste fenomeno bat ematen ari da: haur, nerabe edo gazteak ezezik, gurasoak direla euren seme-alaben nortasun digitala sortzen dutenak, askotan, gainera, konturatu gabe: argazkiak partekatuz eta etiketatuz, eurei buruzko datu pertsonalak zabalduz …
Inoiz konturatu zara agian zure sare sozial, WhatsApp edo beste aplikazioren bateko profilean zure seme-alabaren argazkia jarrita daukazula eta publikoki zabaltzen duzula?
Gaurko honetan gai honen inguruko hausnarketa egingo dugu.
Asko mintzatzen da haur, nerabe eta gazteak sarea eta teknologiaren erabilpenaren inguruan hezitu behar ditugula; segurtasunez nabigatu eta euren burua babestu behar dutela ikasi behar dutela; konziente izan behar direla sarean partekatzen duten guztia euren nortasun digitala osatuko duela. Baina, adingabeko horren nortasun digitala gurasoek sortzen dutenean?
Gurasoek adingabekoari buruzko datuak zabaltzen dituztenean
Ez duzu uste horrelakorik gertatzen denik? Pentsatu une batez ea horrelakorik egin izan duzun:
- Sare sozial edo aplikazio ezberdinen profilean zure seme-alaben argazkia jarri.
- Haurren argazkiak partekatu inolako filtrorik gabe, publikoki. Batzuetan, gainera, argazki horiek egoera konprometituak ager ditzakete.
- Adingabekoaren eguneroko bizitzan ematen den jarduera edo ekintzaren bati buruz mintzatu, iruzkinak egin…
- Umearen izenean jaiotze edo txikitatik sare sozialetan profilak sortu. Bai, gertatzen da!
- Facebooken, adibidez, haurren izenarekin argazki-bildumak sortu eta partekatu; egoera, ekintza eta jarduera ezberdinetan.
Agian galdetuko duzu orain, zein kalte sortzen diot nire seme-alabaren urtebetetze ospakizuneko argazkiak urtero Facebooken partekatzean, adibidez?
Argi izan behar duzu horrelako ekintzak egiterakoan, gizaki horren nortasun digitala sortu eta osatzen duzula; horren aurrean, nagusitan deseroso sentitu daiteke edo interneten bere buruaz islatu den irudiarekin ados ez egon… Eta, ordurako, kaltea eginda izango da.
Suerta daitekeen beste kasu praktiko bat, beste ikuspegi batetatik ikusita: demagun aita edo ama batek erreputazio txarra daukala legearen kontrako ekintzaren bategatik eta bere egoera gizartean edo bere inguruan ezaguna dela; pertsona horren seme-alabak argazkietan etiketatuak izan direnean, zuzenean eta publikoki gurasoen erreputazio txarrak eragina izango du senidekoengan; arriskuan jartzen da haur horien irudia.
Larregizkoa iruditzen zaizu guzti hau? Hausnartu orduan honen inguruan: offlineko bizitzan, kalean eskutik helduta eramango zenuke seme-alaba, izen-abizenekin aurpegian kartel bat itsatsita zeramala? Ez, ezta? Sarera eramanez, egoera berdina da.
Adingabeko baten argazkia hirugarren baten profilean etiketatuz gero, bi gauza egiten dira: alde batetik, adingabeko hori identifikatzen da; eta bigarren, beste edozeinek adingabeko horri buruzko informazioa lortzea ahalbidetzen da. Haratago oraindik, argazki horiek neurririk gabe eta publikoki partekatuta, edozeinen esku gera daitezke.
Bestalde, sare sozialetan adierazitako “Atsegin dut” horietako bakoitzak, erabiltzaile horren sareko izaera sortu eta definituko du. Informazio eta datu horiek publizitate kanpainak egiteko erabili izango dira.
Haurrek euren irudiaren gainean erabaki dezakete
Eztabaidaren oinarria hauxe da: gurasoek ba daukate, haurra jaio baino lehen edo jaiotzetik, horren nortasun digitala sortzeko eskubiderik?
Oversharing deritzona edo gehiegizko agerpena
Termino honekin sarean gehiegi agertzea definitzen da, gehiegi partekatzea. Jean M. Twnege eta W. Keith Campbell ikerlariek ezarrita, narzisismoak jota, kasu honetan adingabekoen irudia sarean neurririk gabe partekatzeari buruz ari dira.
Kasu askotan, gurasoak izaten dira euren seme-alaben irudi eta datuak etengabe partekatzen dituztenak, jaio aurretik baita ere. Neurri handi batean, gainera, ez jakintasunez egiten dute; beraien irudi digitala zaintzen ez dakitela, adingabeko batena sortu eta partekatzen dute.
Gizakia izaki soziala da eta partekatzea atsegin du, baina adingabekoekin oversharing delako hau ematen denean, bizitza osorako eragina sortzen da haurrengan: izaeran eragina izango du eta harreman pertsonal eta lanekoetan ere kalteak sor ditzake.
Gurasoek eragiten dutenean egoera eta haurren eskubideak arriskuan jartzen direnean, hirugarren batek egin beharko du tartekari lana eta honek arazoak ekartzen ditu.
Zein eskubide dira urratuak izan daitezkeenak?
Besteak beste, ohore-eskubidea, intimitate-eskubidea, norberaren irudiaren eskubidea; eta bestalde, adingabekoaren garapen fisikoa, mentala eta morala urratu daitezke baita ere.
Pribatutasuna balore soziala bezala ulertu behar dute haurrek, norberaren pribatutasuna zaintzearen eskubide eta beharraz jabetzea.
Orain badakizu, zure seme-alaba edo adingabekoen argazki edo eduki bat partekatu baino lehen, botoia sakatu aurretik gelditu une batez eta pentsatu.