Euskara ingurune digitalean

Abian da Barakaldon Xare Euskarazko Kultura Digitalari buruzko Jardunaldia

Une honetan, Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko hainbat ikastetxetako eta Lanbide Heziketa zentrotako 243 ikasle parte hartzen ari dira egitarauak eskaintzen dizkien zortzi lantegi praktikoetan, bi hitzaldi interaktiboetan eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidan.

Bigarren saioa ostiralean, martxoak 31, izango da, eta beste 139 gazte murgilduko dira unibertso digitalean euskararen bitartez.

  • 09:00etan Clara Campoamor Zentro Zibikoko Auditorioan gazteei egindako ongietorrian, Iurdana Acacuso Azkue Fundazioaren zuzendariak adierazi du espero duela gazteek beraiek “probetxuzkotzat” jotzea gaurko saioa: “Honezkero asko dakizue askotariko teknologiez, mundu digitalak inguratuta hazi izan zarete, baina ziur ikasiko duzue zerbait berria edo topatuko duzue harrituko zaituzten zerbait”. 
  • Bertan izan da, baita ere, Mertxe Andres Barakaldoko Udaleko Euskara Teknikaria, eta “euskara ikastetxeetatik ateratzearen garrantzia”-ri egin dio erreferentzia: “Hainbeste erabiltzen dituzuen telefono mugikorretan eta gainerako gailuetan ere euskarazko unibertso oso bat dagoela ikusiko duzue”.  

fer06263

3D inprimagailuak, bideo-joko mahaiak, musika nahasteko aplikazioak, errealitate birtualarekin jolasteko lanabesak eta beste hamaika dispositibo digital martxan dira une honetan Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Eraikin horrek hartu baitu Xare jardunaldiaren programaren IKAS ARETOA: zortzi lantegi praktiko gazteek euskarazko softwareak ezagutu ditzaten eta euren gaitasunak proba ditzaten.

Protomakers, Talaios eta Game Erauntsia elkarteetako kideak eta Dj Makala ari dira tailer horiek gidatzen, nor bere diziplinatik. Besteak beste, robotika edota automatizaziora hurbiltzeko, eskema elektronikoak interpretatzen ikasteko, bideo mappinga erabiltzeko edota Android mugikorretarako aplikazioak sortzen hasteko oinarri-oinarrizko ezagutzak partekatzen ari dira.

Izan ere, horixe da Xare egitasmoak bultzatu eta Azkue Fudazioaren nahiz Barakaldoko eta Portugaleteko Udalen laguntzaz antolatzen duen proiektuaren helburua: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea.

IKAS ARETOAz aparte, Clara Campoamor Zentro Zibikoan beste bi gune daude martxan goiz-goizetik.

fer06321

Batetik, ERA ARETOA izena hartu duen gelan, bi hitzaldi labur eta dinamiko entzuten ari dira ikasleak.

Sareko pribatutasunari buruzkoa da lehena; Maider Likona informatika injeniariaren eskutik, batez ere arrasto digitalaren ondorioez eta honen iguruko kontzientzia hartu beharraz jarduten ari dira.

Bigarren hitzaldiak, Ane Ortiz sexologoak gidatuta, sare sozialei egiten die erreferentzia zuzena, eta horien bidezko harreman afektibo-sexualen aurrean, gure burua ez ezik, gure ingurukoena ere zaintzeko jarraibideak partekatzen ari dira.

Hirugarrenik, JOLAS ARETOAn, Egunean Behin joko ezagunaren zuzeneko partidan lehiatzen ari dira gazteak. Euskarazko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin, bakarka nahiz taldean jokatzeko diseinatua. Test moduko 10 galdera dira guztira, ahalik eta azkarren erantzun beharrekoak. Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatutako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortzen dituzte ikasleek, eta horren arabera sailkapenean gora edo behera egiten dute.

Ikasteaz, hausnartzeaz eta jabetzeaz aparte, neska-mutilek euskarazko IKTez goza dezaten nahi baitute Xare egitasmoaren bultzatzaileek; euskarazko kultura digitala kontsumitzea eta ekoiztea esperientzia dibertigarri, gozagarri eta atseginarekin lotu dezaten.

fer06327

Xare Euskarazko Kultura Digigalari buruzko Jardunaldien lehen saioa 13:45ak arte luzatuko da gaur. Eta datorren ostiralean, martxoak 31, izango da bigarren saioa, leku eta ordu berean, eta beste 139 gaztek hartuko dute parte. Guztira 382, bi egunak kontuan hartuta.

Barakaldoko hitzordu bikoitzak segida emango dio 2022-2023 ikasturtearekin batera abiatu zen Xare jardunaldi-zikloa. Iragan abenduaren 5ean eta 9an Donostian egin zuen geldialdia bertako Udalaren Euskara Zerbitzuak bultzatuta. Abenduaren 22an Gasteizen izan zen, Arabako hiruburuko Udalak babestuta. Eta, lehenago, urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte Jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean. Hiru hiriburuetako eta Barakaldoko hitzorduak kontuan hartuta, orotara, ia 2.700 ikaslerengana iritsiko da ekimena 2022-2023 ikasturte honetan.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu