Euskara ingurune digitalean

“#3000Twitz” kanpainak 4.000 boto lortu ditu, Twitchek euskara hizkuntza ofizialtzat har dezan

Iragan larunbatean, abenduaren 5ean, #3000Twitch kanpaina amaitu zen 24 orduko emisio maratoiarekin batera. Kanpainaren xedea 3.000 boto lortzea zen, Twitch plataformak euskara hizkuntza ofizialtzat onar dezan.

Online zuzeneko emankizunak egiteko plataforma da Twitch, 2011n sortua. Bideo-jokoetan berezitua dago eta egunero milioi eta erdi ikusle baino gehiago biltzen ditu. Gaur egun Twitchen 34 hizkuntz hautatu daitezke emisioa egiterakoan, baina euskara ez dago zerrenda horretan. Euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeak euskal sortzaileen edukiak iragazteko aukera dakar.

Game Erauntsia elkarteak jakinarazi duenez, “guztira 4.000 boto baino gehiago bildu dira, helburu jarritako 3.000 botoen langatik gora. Orain Twitchen erantzunari itxaron behar zaio, euskara ‘streaming language’ ezar dadin”. Euskal Herritik ez ezik, beste gertuko zein urruneko lurraldeetatik era jaso dituzte botoak, tartean, Ameriketa, Katalunia, Galizia eta Valentzia.

Antolatzaileak, euskal bideo-joko zale komunitatea eta Game Erauntsia Elkartea eta Arkkuso eta Nebukai eduki sortzaileak, “oso pozik” agertu dira kanpainak izandako harrerarekin.

Kanpainaren baitan antolatutako egitarauak ere harrera “oso positiboa” izan du. “Egitarauan Euskal Herriko txoko guztietako sortzaileek parte-hartu dute (Azkoitia, Azpeitia, Barañain, Bermeo, Bidarrai, Donostia, Gernika, Getxo, Leioa, Gasteiz, Oiartzun eta Zarautz), zuzeneko emisioak euskara desberdinen aniztasunaren erakusle bihurtu zirelarik”.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu