“27 hizki 27 argazki” izeneko egitasmoa martxan jarriko da datozen asteetan. Dabid Martinezek sortu duen proiektua da. Helburua euskal alfabetoko hizkiak irudikatzea da, bakoitzari argazki bat jarriz. Animatu parte-hartzera eta proposatu zure hitza!

Guzti baten zatia, Dabid martinez
“27 hizki 27 argazki” izeneko argazkilaritza proiektua sortu du Dabid Martinez bermeotarrak (@dabidnet) eta gurekin partekatu nahi izan du. Euskal hitzen argazki interpretazioa egingo du bertan, baina jendearen parte-hartzea behar du horretarako. Euskarazko hitzak proposatuz lagundu ahal zaio. Jasotako guztien artean 27 aukeratuko ditu berak, euskal alfabetoko hizki bakoitzetik hitz bat, alegia. Eta 27 argazkiz osatutako argazkilaritza seriea egingo du.
Hilabete baten buruan jarriko du martxan proiektua. Bere Flickr eta Instagram kontuetan argitaratzen joango da egindako lana. Bertan ikusi ahal izango da “#27hizki27argazki” traolapean. Ireki berri duen blogean ere ikusgarri egongo da. Horretaz gain, Maite Goñi irakaslearen “#gaurkohitza” egitasmoa elikatzeko erabiliko da.
Nola lagundu dezakezu?
Dabid Martinez lagundu nahi baduzu, modu oso errazean egin dezakezu. Proposamen bat egiteko egin klik ondorengo estekan, irakurri arauak eta bidali zure hitza.
Animatu eta parte-hartu!