Gaur, urriak 10, Hamaika telebista katean 11.BIT saioaren hirugarren denboraldiari hasiera emango diogu.
11.bit saioan berrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazioak, gadget berriek, eta hainbat bitxikeriak eta bideok izango dute lekua berriro ere, astero-astero ordu erdiko saioan.
Albiste teknologikoek, bitxikeriek eta aholku praktikoek, euskaraz martxan diren ekimenek, erabiltzaile arruntenetik informatikazale sutsuek agendan gorriz markatutako hitzorduetara sarean dauden mila bitxikeriek eta aplikazio berriek tartea izango dute 11.bit-en aurreko edizioetan bezala. Eta noski, gure erakundearen ekimenek eta lehiaketek ere bere lekua izango dute programan.
Hirugarren denboraldiko lehen saioan, ondoko gaiak jorratu ditugu: Apple etxearen iPhone 5 telefonoaren aurkezpena; “Zer egiten ari zaren dakigu” web orriak Internetek dituen arriskuez ohartarazi nahi du; Euskara arrisku digitalean dago edo hori dio berriki egindako ikerketa batek; Hizkimizki webguneak 43 hizkuntzaren leihoak zabaldu dizkio euskarari, eta Euskal Encounterra gogoan.
Saioa ikusi nahi baduzu, hemen dago esteka:
Astero, zuen gogokoak diren teknologia eta sare sozialen arloko gaiak landuko ditugu. Zerrenda luzea daukagu dagoeneko pentsatuta, baina baliteke zuek ere gairen bat lantzea nahi izatea. Gailu edo aplikazioren bati buruz aritzea nahiko zenuke? gairen bat dago saioan sakontzea gustatuko litzaizukena? teknologiaren arloren batek arduratzen zaitu eta gehiago jakin nahi duzu horri buruz? Edo ezagutzen duzu euskaraz garatutako egitasmoren bat eta horren berri ematea nahi duzu?
Hau guztia eta askoz gehiago ere gustu handiz landuko genuke. Proposamena bota eta lanean ipiniko gara!